Lekeitioko 23. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia aurkeztu dute Bilbon
Kale antzerkiaren bilgune bihurtuko da, beste behin be, Lekeitio. Ume antzerkiak, komedia, esperimentazio lanak, abangoardia eta hankapaluak ikusteko aukera egongo da, besteak beste, hiru egunetan. Gaur goizean aurkeztu dute 2012ko Nazioarteko Kale Ant...
Kale antzerkiaren bilgune bihurtuko da, beste behin be, Lekeitio. Ume antzerkiak, komedia, esperimentazio lanak, abangoardia eta hankapaluak ikusteko aukera egongo da, besteak beste, hiru egunetan. Gaur goizean aurkeztu dute 2012ko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia Bilbon, eta bertan egon dira Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Mikel Toral Eusko Jaurlaritzaren Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura zuzendaria, Gorka Martinez BBK Fundazioko ordezkaria, Irina Petresku Bilboko Frantziar Institutuko arduraduna, eta Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoa. Europako kale-artegintzarik hoberena, euskal ekoizpenik deigarrienak, eta Lekeitiok berak plazaratzen dituen arte-lanak izango dira aurten, antolatzaileen esanetan, jaialdiaren hiru zutabeak.
Danetara, hamaika talde arituko dira, hamabost ordu luzetan, entretenimendua eskaintzen. Euskal Herriko sei talde egongo dira: Gaitzerdi, Hortzmuga, Salitre eta Matrioska talde profesionalak, eta bestetik, Lekeitioko bi ekoizpen propio, Karkabia eta Lekittoko Deabruak. Bestalde, Frantziatik etorriko da Luc Amoros taldea Page Blanche arte-lan ikusgarriagaz, Uruguaytik dator D’Ailleurs taldea eta Kataluniatik bi ordezkari: Industrial Teatreraren asmamen zorrotza, eta Trifaldo konpainiaren zirku berria. Amaitzeko Gaztela aldetik dator Zanguango taldea, errealitatea eta fikzioa nahasteko duen trebetasuna erakusteko.