300 mila euroko balantze positiboagaz amaitu du urtea Etxebarriko Udalak
Agintaldian dauden lehenengo urtearen balorazio ona egin du Etxebarriko Udalak. Aldeko balantzeagaz amaitu dute urtea, 300 mila euroko balantze positiboagaz, eta urte hasieran jarri zituzten proiektuak ataratzen dabiltzala azaldu dute. Udaletxean sart...
Agintaldian dauden lehenengo urtearen balorazio ona egin du Etxebarriko Udalak. Aldeko balantzeagaz amaitu dute urtea, 300 mila euroko balantze positiboagaz, eta urte hasieran jarri zituzten proiektuak ataratzen dabiltzala azaldu dute. Udaletxean sartu zirenean, aurretik zeuden proiektuak amaitu eta beste egitasmo batzuk aurrera eroatea zen udal barriaren helburua. Horretarako, aurreikusita zegoena baino 100.000 euro gehiago erabili behar izan dituzte, halanda be, urtea amaitzerakoan, balantze positiboa lortu dute. «Proiektu errealistak egin ziren, behar direnak. Txikiak baina premiazkoak», adierazi du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Pozik daude, eta bigarren urteari begira be, zazpi proiektu aurrera ateratzeko asmoa agertu dute. Horretarako, 700 mila euro inguru beharko dituztela aurreikusten dute, baina gehienetarako lortu dute diru-laguntza. «Frontoian sarea jartzeko %45eko laguntza lortu dugu, eta komun barriak egiteko %44koa», zehaztu du Iriondok. Beste diru laguntza bat Iturretako bidegurutzea egitera bideratuko da, eta horretarako %100eko laguntza lortu zute Bizkaiko Foru Aldunditik. «Proiektua Aldundiak egingo du, eta guk burutuko dugu», aitatu du Etxebarriko alkateak.