Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Bedialauneta, Uribe, Martin eta Lema ondarrutarrak
Egueneko 05:00etan ailegatuko dira Igor Martin eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroara. Alde zaharrean ongietorria egingo diote herritarrek. Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Zunbeltz Bedialauneta eta Igor Martin, bi urtez preso eduki o...
Egueneko 05:00etan ailegatuko dira Igor Martin eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroara. Alde zaharrean ongietorria egingo diote herritarrek.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Zunbeltz Bedialauneta eta Igor Martin, bi urtez preso eduki ostean, eta biak berehala aske uzteko agindu du. Hil honetan bertan haiekin batera epaitutako Jon Iñaki Esnaola, Xeber Uribe eta Olatz Lema ere absolbitu egin ditu auzitegi horretako aurreneko zigor salak.
Ez da gauza bera gertatu auzi berean epaitu zituzten Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Urtza Alkorta eta Javier Zubizarretarekin. Iparragirreri eta Badiolari hamarna urteko zigorra jarri die, “talde terroristako kide” izatea eta “kalte terroristadun” bina delitu egitea egotzita. Alkortari “talde terroristari laguntzea” egotzita bost urteko zigorra jarri diote, eta Zubizarretari hiru urteko zigorra, “osasun publikoaren kontrako delitua” egitea leporatuta.
Tortura salaketa gogorrak egin zituzten epaituek epaiketan. Epaiak dio atxilotuak inkomunikatuta zeudenean defentsak eskatutako neurriak aplikatu egin behar zirela, “inkomunikazioaren benetako kontrola errazteko”.
Absolbitu dituzten ondarrutarren senideen hitzak be jaso ditu HITZAk: “Oso pozik gaude, baina urduri. Abokatuak lehebailehen Madrilera joateko esan digu eta harantz goaz. Gure senideak dagoeneko kalean egon daitezkela aurreratu digu”.
Behin behineko sententzia bihar goizean argitaratuko da.