Omenaldi sentitua ekarri du jaiegunak Sanmikollara
San Nikolas Egunak ospakizunak ekarri ditu Sanmikollara. Zapatuan bezala, atzo goizean bete-bete egin zen auzoko parkea. Mezarekin hasi ziren eguneko ekimenak, eta jarraian sentipenei egin zieten tartea: Nicolas Arrizabalaga eta Petra Agirregomezkorta...
San Nikolas Egunak ospakizunak ekarri ditu Sanmikollara. Zapatuan bezala, atzo goizean bete-bete egin zen auzoko parkea.
Mezarekin hasi ziren eguneko ekimenak, eta jarraian sentipenei egin zieten tartea: Nicolas Arrizabalaga eta Petra Agirregomezkorta txalo artean omendu zituzten mezaren amaieran. Ezustekoa izan zen eurentzat. Ez zekiten aurtengo omenduak eurak izango zirenik, eta pozez hartu zuten aitortza. «Ez genuen pentsatzen hau egingo zigutenik. Ez digu inork ezer esan», zioen Petrak, pozik. Auzoan berton bizi dira Nikolas eta Petra. 56 urte daramatzate elkarrekin. Nikolasek 82 urte dauzka eta 81 Petrak. «Poz handia hartu dugu», zioten.
Berton egoterik izan ez bazuen ere, Miren Atxuela izan zen hirugarren omendua. Bere seme Ramonek jaso zuen berarentzat oroigarria. «Pozik nago, eta bera baino urduriago», zioen, irriparrez. 94 urte egitekoa da Miren abenduan.
Parkeko gunearen ondoan, jan-edanerako tartea eduki zuten nahi izan zuten guztiek, txorizo eta salda tarteko. Konturik kontu, eguerdian esan zioten agur San Nikolas jaiei.
