Herriko taldeen parte hartzea goraka doa Kalbaixo jaietan
Danbor doinuek eta ondorengo dantzaldiak iragarriko dute bihar gauean, Beheko Plazan, Kalbaixoak badatozela. Ondorengo egunetan ez da egongo geldirik egoteko aukerarik. Errepasoa eginda, bada zer azpimarratu: alde batetik, herriko taldeek aurreko ur...
Danbor doinuek eta ondorengo dantzaldiak iragarriko dute bihar gauean, Beheko Plazan, Kalbaixoak badatozela. Ondorengo egunetan ez da egongo geldirik egoteko aukerarik. Errepasoa eginda, bada zer azpimarratu: alde batetik, herriko taldeek aurreko urteetan baino parte hartze handiagoa edukiko dute: kanpokoak kontratatu beharrean, trikiti taldea eta txaranga herrikoak izango dira.
Mutriku Rock Gauak ere herriko talde bi igoko ditu agertokira: Melissa and the Jacks eta Tinta Roja. Musutruk ariko dira.
Sokamuturra arinago
Aldaketak ere izango dira: sokamuturra 19:00etan hasi beharrean 18:00etan hasiko da, neguaren sarrera igarria izanik, beranduegi hasten zela iritzita. Jaien azken egunetara jauzi eginda, hilaren 23rako, Kalbaixo auzoan bertan, ekimen bereziak antolatu ditu jai batzordeak: batetik, nesken probak egongo dira lehen aldiz. Aldatuko ez dena, zelan ez, goitibeheren jaitsiera izango da. Hitzordua barikurako dago eginda, Kalbaixo gainean.
