Joseba Palenzuela: «Mutrikurentzat ez da nahikoa zorra kentzea»
Atzo iluntzean Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelak herritarren aurrean egindako agerraldian herriaren egoera hobetzeko zorra kentzea ez dela nahikoa esan zuen, besteak beste. «Zorra gutxitzeko lan egin behar da, baina horretan bakarrik geldituz gero, Mutriku, beti, egoera berean egongo litzateke». Palenzuelarentzat zorra kitatzea bezain garrantzitsua da Mutrikuren egoera aldatzea, eta horretara ezarritako lan ildo nagusien berri eman zuen herenegun. «Udala herritarren beharrak asetzeko dago. Gauden egoeran egonda, politika sozialak ezin ditugu alde batera utzi. Indarrak garapenean jarriko ditugu». «Egoera hobetzeko» planak Herriko obra txikiak eta eguneroko beharrak asetzea udalaren beste ildo nagusietako bat dela be esan zuen. «Gure herriaren arazoa sarrera gutxi dauzkagula da, eta hori aldatzen ez dugun bitartean beti mailegu beharrean egongo gara gauzak egin ahal izateko». Hots, bide horretatik herria beti zorpetuta egongo litzatekeela gaineratu zuen. «Hori aldatzea da garapenean inbertitzearen asmo nagusia». Aurrera begirako egitasmoen artean, hirigintza planteamendu egokia egitea da udalaren lehentasunezko lan bat. «Hirigintza etxeak egitea baino gehiago da. Hor erabakitzen da etorkizuneko Mutriku zer izan daitekeen. Zer izan nahi dugun irudikatzea eta erabakita edukitzea da asmoa; mutrikuarrok herriarekin zer egin nahi dugun erabakita edukitzea». Agerraldia Zabiel kultur etxean egin zuen Palenzuelak, joan den astean El Pais egunkariak argitaratutako okerreko albisteak herrian zapalarta eragin izanagatik. [...]
Atzo iluntzean Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelak herritarren aurrean egindako agerraldian herriaren egoera hobetzeko zorra kentzea ez dela nahikoa esan zuen, besteak beste. «Zorra gutxitzeko lan egin behar da, baina horretan bakarrik geldituz gero, Mutriku, beti, egoera berean egongo litzateke».

Palenzuelarentzat zorra kitatzea bezain garrantzitsua da Mutrikuren egoera aldatzea, eta horretara ezarritako lan ildo nagusien berri eman zuen herenegun. «Udala herritarren beharrak asetzeko dago. Gauden egoeran egonda, politika sozialak ezin ditugu alde batera utzi. Indarrak garapenean jarriko ditugu».
«Egoera hobetzeko» planak
Herriko obra txikiak eta eguneroko beharrak asetzea udalaren beste ildo nagusietako bat dela be esan zuen. «Gure herriaren arazoa sarrera gutxi dauzkagula da, eta hori aldatzen ez dugun bitartean beti mailegu beharrean egongo gara gauzak egin ahal izateko». Hots, bide horretatik herria beti zorpetuta egongo litzatekeela gaineratu zuen. «Hori aldatzea da garapenean inbertitzearen asmo nagusia».
Aurrera begirako egitasmoen artean, hirigintza planteamendu egokia egitea da udalaren lehentasunezko lan bat. «Hirigintza etxeak egitea baino gehiago da. Hor erabakitzen da etorkizuneko Mutriku zer izan daitekeen. Zer izan nahi dugun irudikatzea eta erabakita edukitzea da asmoa; mutrikuarrok herriarekin zer egin nahi dugun erabakita edukitzea».
Agerraldia Zabiel kultur etxean egin zuen Palenzuelak, joan den astean El Pais egunkariak argitaratutako okerreko albisteak herrian zapalarta eragin izanagatik. Izan ere, alkateak gogorarazi zuen Mutrikuko egoera ekonomikoaren berri hasieratik eman duela udalak.
Argudio hori babesteko, Palenzuelak ekainaren 20an Zabielen egindako herriarentzako aurkezpena eta ekainaren 21eko osoko bilkura ekarri zituen gogora. Izan ere, bi egun horietan herriaren egoera ekonomikoa mahairatu zuen udalak, eta herritarren eskura egon da informazio hori.
Azalpen guztiak eman eta hainbat argudio erabilita El Pais egunkariak argitaratutakoa gezurtatu eta gero, aurrera begira udalak duen helburu nagusia Mutrikuren zorra murriztea dela adierazi zuen Palenzuelak. «Baina hori ez da inor guri esatera etorri; guk geuk ezarritako neurria da».
Zorra gutxitzeko asmoa
Horrela beraz, aurten hasi eta 2020ra bitartean prestatutako bideragarritasun planari jarraituz, 2016an herriko zorra 5,2 milioitik 2,5 milioira jaistea lortu nahi du udalak. Hau da, zorpetze maila %118 izatetik %50,48 izatera pasatzea da helburua.
Eta azken egunetan behin eta berriz esan badu ere, berriro errepikatu zuen. «Komunikabideek besterik pentsarazi nahi izan duten arren, tamalez, Mutrikuren egoera ekonomikoan ez dago ezer berririk».