Aritza kirolari handiari ohore
Pedro Mari Txurruka Aritza harri-jasotzaileak merezitako omenaldia izango du Kalbaixon. Dena prest dago hark erabilitako harriekin txapelketa egiteko. Lekua zehaztuta dago: Mutrikuko Kalbario ermitako plaza; eguna: irailaren 23a, domeka; ordua: 18:00ak. Bateko eta besteko, Kalbarioko Kofradiako gazteek Aritzaren izena goraipatu nahi dute, oroimenean gal ez dadin. Bide batez, herri kirolekiko zaletasuna bultzatzea bilatuko du ekimenak. Pedro Mari Txurruka Aritza (1894-1964) Olatz auzoko Aritza baserrian jaio zen. 1,80 zentimetroko garaierako eta 95 kilogramoko gizasemea zen. Ez zen lan luzetarako harri-jasotzailea izan, bai, ordea, hamaika harri eta bestelako zama astunekin ekintza izugarriak egindakoa. Erakustaldietan harriak ez eze, berunak eta ingudeak ere jaso ohi zituen. Garaiko harri-jasotzaile handienetakoa izan zen, Itziarko Arteondorekin batera. Euren artean jokatutakoa idatziz eta argazkiz jaso zen lehen apustua izan zen, eta horri esker gaur egunera arte iritsi dira ekintza epiko haien oihartzunak. 1917ko maiatzaren 20an, Gipuzkoan aurkaririk ez zitzaiola geratzen ikusita, Arteondok ondorengo desafioa bota zien Bizkaiko harri-jasotzaileei: «Bittor Zabala Arteondok, Gipuzkuko harrijasotzaileen txapeldunak, bizkaitar edozeinen aurka jokatuko luke, ea nork gehiago aldiz jasoko 188 kiloko harri kuadroa. Harria ez daiteke izan 24 ontza baino luzeagoa; ezta 22 ontza baino motzagoa ere. Berunez bete daiteke azta osatzearren. Il onen 27an ospatuko litzake neurketa Debako pelotalekuan, atsaldeko elizkizunaren [...]
Pedro Mari Txurruka Aritza harri-jasotzaileak merezitako omenaldia izango du Kalbaixon. Dena prest dago hark erabilitako harriekin txapelketa egiteko. Lekua zehaztuta dago: Mutrikuko Kalbario ermitako plaza; eguna: irailaren 23a, domeka; ordua: 18:00ak.
Bateko eta besteko, Kalbarioko Kofradiako gazteek Aritzaren izena goraipatu nahi dute, oroimenean gal ez dadin. Bide batez, herri kirolekiko zaletasuna bultzatzea bilatuko du ekimenak.
Pedro Mari Txurruka Aritza (1894-1964) Olatz auzoko Aritza baserrian jaio zen. 1,80 zentimetroko garaierako eta 95 kilogramoko gizasemea zen.
Ez zen lan luzetarako harri-jasotzailea izan, bai, ordea, hamaika harri eta bestelako zama astunekin ekintza izugarriak egindakoa. Erakustaldietan harriak ez eze, berunak eta ingudeak ere jaso ohi zituen.
Garaiko harri-jasotzaile handienetakoa izan zen, Itziarko Arteondorekin batera. Euren artean jokatutakoa idatziz eta argazkiz jaso zen lehen apustua izan zen, eta horri esker gaur egunera arte iritsi dira ekintza epiko haien oihartzunak.
1917ko maiatzaren 20an, Gipuzkoan aurkaririk ez zitzaiola geratzen ikusita, Arteondok ondorengo desafioa bota zien Bizkaiko harri-jasotzaileei: «Bittor Zabala Arteondok, Gipuzkuko harrijasotzaileen txapeldunak, bizkaitar edozeinen aurka jokatuko luke, ea nork gehiago aldiz jasoko 188 kiloko harri kuadroa. Harria ez daiteke izan 24 ontza baino luzeagoa; ezta 22 ontza baino motzagoa ere. Berunez bete daiteke azta osatzearren. Il onen 27an ospatuko litzake neurketa Debako pelotalekuan, atsaldeko elizkizunaren bukaeran, 7 miñutuko bi ekiñalditara jokatuko litzake, bost minutuko tarteak artuaz. Arria aurrekaldetik jasotzeko baldintzaz, noski. 1.000 laurleko jokatuko lituzke bakoitzak. Desapiyo hau jasotzen duana etorri daiteke arria ikustera. Aurkaririk ez balitz agertuko, Arteondok berak bakarrik egingo luke saio».
Bizkaitik Berrizko Juan Jose Egañak onartu zuen erronka, eta Eibarko zezen plazan jokatu zen neurketa ekainaren 26an. Arteondo erraztasunez atera zen garaile. Ondorengo urteetan aurkaririk gabe geratu zen itziartarra, mutrikuar indartsuak aurre egin zion arte.
1925 urteko martxoaren 23an ospatu zen Eibarko zezen plazan bi harri-jasotzaileen arteko lehen apustu nagusia. Lehiak izugarrizko arrakasta eduki zuen: 3.000 lagunetik gora izan ziren haren lekukoak. 15 arroako (188 kilogramo) laukizuzena erabili zuten, 24 ontza luze eta 15 ontza zabalekoa, bi eskuzuloz hornitua. Plazako hondar gainetik jaso eta hondar beraren gainera botatzen zuten harria. Hamar minutuko bi ekinaldi jokatu zituzten.
Itziartarraren aldekoak gehiago ziren arren, Aritzak erraz irabazi zion. Lehen ekinaldian Aritzak 14 jasoaldi egin zituen eta Arteondok 9; bigarren ekinaldian Aritzak 9 eta Arteondok 4.
Harriak jasotzeko gaitasunik geratzen ez zitzaienean, harri-jasotzaile gazteagoei erakusten jardun zuten biek. Etxezakorta eta Usuola azkoitiarrak dira ezagunenak.
Horiek eta kontu gehiago jaso zituen 1973 urtean argitaratutako Jose Luis Iriarteren Gure Erri-joku nagusiak liburuak.
