Etzi batuko dituzte Berriatuko argazki zaharrak udaletxean
Etzi, urriak 18, dute berriatuarrek herriko argazki zaharrak aurkezteko azken eguna: udaleko bideo gelara jo beharko dute horretarako, 19:00etan.
Herriko nagusien eta gazteen arteko komunikazioa bermatzeko, herriko ondare grafikoaren datu basea osatzeko eta nagusien parte hartzea bultzatzeko eta eurek herrian ikusten dituzten beharrizanak azpimarratzeko asmoz Berriatuko Udalak argazki zaharren bilduma bat osatzearen aldeko apustua egin du.
Hala, bilduma hori osatuta, herriko ondarea bilduko dute. «Berriatua zer izan den eta nondik gatozen modu zehatzago eta grafikoagoan jakin ahalko dugu», azaldu du Itziar Aramaio udaleko ongizate saileko kideak.
Aipatu bezala, etzi batuko dituzte argazkiok Berriatuko udaletxean. Zenbait aste igarota, bestalde, udaleko arduradunek zer nolako bilduma osatu den erakutsiko diote herritarrei, deialdi baten bitartez. Orduan, argazkiak modu digitalean aurkeztuko dituzte. Behin hori eginda, liburu bat argitaratzeko prozesua martxan jarriko dutela adierazi dute. Gainera, argazkien datu basea be egin gura du udalak.