Iturretako proiekturen barririk ez duela salatu du Etxebarriko Bilduk
Iturretako bidegurutzea konpontzeko proiektuaren kontra bozkatu izana argitu du Etxebarriko Bilduk. Bidegurutze horretako arrisku maila murrizteagaz beti egon direla ados azpimarratu dute, eta sarritan aipatu dutela bai eta bide gorriaren sarrera-irteerako arriskua be.
Udaleko azken osoko bilkuran ezekoa emotearen arrazoi nagusia proiektu baten falta izan da. Bildukoek azaldu dutenez, inork ikusi gabeko proiektu bat onartu du EAJtak. Gainera, desjabetze prozesu bat be abiatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Bilduko ordezkariek ez dute horren inguruko informaziorik jaso. «Nor eta nola desjabetuko den jakin barik onetsi da proiektua», jakitera emon dute.
Udalaren erantzukizuna
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak egingo du, baina, Etxebarriko Udalak gauzatuko du proiektua, eta erantzukizuna be berea izango dela ikusten dute Bildukoek. «Udalak bere gain hartzen du obra guztia eta bertan gerta daitezkeen ezbehar guztien erantzukizun esklusiboa bere egiten du», azaldu dute.
Hori guztia kontutan hartuta, proiektuari ezetza emotea erabaki dute Etxebarriko Bilduko zinegotziek. «Udaleko ordezkari garen heinean, arduragabea litzake guztiz ezezaguna zaigun proiektua babestea. Jakinik gainera, arrisku guztien erantzukizuna udalari ezartzen zaiola», azpimarratu dute.