VI. Mendi martxa egingo dute Ziortza-Bolibarren, hilaren 25ean
Ziortza-Bolibarko desanexioaren VIII. urteurrenaren harira, VI. Mendi martxa antolatu du Aranbaltz Kultur Elkarteak. Azaroaren 25ean egingo dute; halanda be, izena emoteko azken eguna azaroaren 19a izango da.
Azken urteetan bezala, aurten be, ibilbide biren artean aukeratu ahal izango du herritarrak; izan be, batetik, ibilbide luzea (27 kilometro) egin ahal izango da, eta, bestetik, ibilbide laburra (11 kilometro). Lehenengoan parte hartzen dutenak 08:00etan aterako dira, eta bigarrenean parte hartzen dutenak, ostera, 10:30etan; biak ala biak, plazatik hasiko dituzte.
Mendi martxa hilaren 25ean egingo duten arren, lehenago izena emon beharko da, eta, horretarako, 616 954 521 telefonora deitu beharko du parte hartu nahi duenak, edo, bestela, ziortzabolibarmendimartxa@gmail helbidera mezua bidali beharko du. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 14 urtera artekoek, ostera, 5 euro.
Ibilbideak
Laburra. 11 kilometroko ibilbidea: Bolibar-Arta -Iruzubieta-Zabaleak-Zeinke-Ziarregi-Gerrike-Gontzugarai-Ziortza-Bolibar. 2 ordu eta erdi inguruko iraupena izango du ibilbideak. Gosaria 10:00etan izango da. 10:30ean, ostera, plazatik abaituko dira ibilaldia hasteko.
Luzea. 27 kilometroko ibilbidea: Bolibar-Ziortza-Kortaguren-Oiz Eolikoak-Oizko Iturzuri Aterpetxea-Gerea-Aranbaltz-Arta-Iruzubieta-Zabaleak-Zeinke-Ziarregi-Gerrike-Gontzugarai-Ziortza-Bolibar. 5 ordu eta 15 minutu inguruko iraupena izango du ibilbideak. 07:30ean gosaria jateko aukera izango dute, eta 08:00etan abiatuko dira herriko plazatik ibilbidea burutzeko.