Urretxindorra taldea, Zaloaren aldeko kantu txapelketaren irabazlea
Jendez betetako udaletxean lehiatu zen zapatu arratsaldean Zaloa Zenarruzabeitia etxebarritarraren aldeko kantu txapelketa. Danetara, bederatzi talde eta banakok parte hartu zuten lehian, eta urtez urte, parte hartzaileen artean gero eta maila altuagoa...
Jendez betetako udaletxean lehiatu zen zapatu arratsaldean Zaloa Zenarruzabeitia etxebarritarraren aldeko kantu txapelketa. Danetara, bederatzi talde eta banakok parte hartu zuten lehian, eta urtez urte, parte hartzaileen artean gero eta maila altuagoa dagoela erakutsi zuten. Horrela, hiru sari berezi, bakarkako eta binakako bat, eta taldekako hiru emon zituen Rakel Pujanak, Miren Barrutiak eta Amaia Fuentesek osotutako epaimahaiak.
Etxebarriko neskak, Aulestiko Gazte Asanbladak, Urretxindor taldeak, Mister-ek, Neska gazteak, Etxebarriko Gazte Asanbladak, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak, Lorea Zulaikak eta Pixontsis bikoteak parte hartu zuten txapelketan, eta ia guztientzako egon zen saria. Sari bereziak, aspaldiko abestiak kantatzearren, jarritako martxagatik eta euren paperean sartu-sartuta egon zirelako, Neska gazteak, Etxebarriko neskak eta Markina-Xemeingo Gazte Asanbladarentzat izan ziren hurrenez hurren. Bakarkako saria, Lorea Zulaikak eroan zuen, eta binakakoa, Pixontsis bikoteak. Taldeei dagokienez, Urretxindorra izan zen zapatu arratsaldeko irabazlea, eta Etxebarriko Gazte Asanbladak eta Aulestiko Gazte Asanbladak bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten.
Arratsalde bat kantuan pasatzeko asmoagaz gainera, ekitaldiaren helburua Zaloa Zenarruzabeitia gogoan edukitzea zela azpimarratu zuten antolatzaileek, eta horrelaxe etxebarriko gaztea uneoro egon zen Etxebarriko udaletxean batutakoen kantu eta gogoetan. Uztailean, bera bisitatzera, Castellonera egindako bidaiko bideoa ikusteko aukera be egon zen epaimahaiak erabakia hartzen zuen bitartean.