Bihar jakingo da Kemen Urangaren estradizioaren epaia
Ondarrutarrak gaur eduki behar zuen epaiketa baina ez da egin, «segurtasun arazoengatik» Ondarrutarrak Westminsterreko (Londres, Ingalaterra) auzitegiko lehenengo salan eduki behar zuen gaur epaiketa, baina «segurtasun arazoengatik» ez da epaiketar...
Ondarrutarrak gaur eduki behar zuen epaiketa baina ez da egin, «segurtasun arazoengatik»
Ondarrutarrak Westminsterreko (Londres, Ingalaterra) auzitegiko lehenengo salan eduki behar zuen gaur epaiketa, baina «segurtasun arazoengatik» ez da epaiketarik ospatu. «Epaiketa baino epaileak irakurketa baino besterik ez zuen egin behar, baina segurtasun indarrek lehenengo sala hori ez zela segurua esan dute eta ondorioz bertan ezin izan da epaiketarik egin», adierazi dute preso ondarrutarraren senideek.
Albiste agentzien arabera, epaiketa ezin izan da egin «arrazoi teknikoak tarteko». Beste aretoetan be ezin izan da ezer egin, «aitzakiak ipini dituzte eta».
Senide batzuk bertan zeudenez, epaiketa bideokonferentzia bidez egiteko eskaera egin dute. Eskaera hori ostera, atzera bota dute.

Urangak amagaz berba egin du
Uranga abokatuagaz berbetan zegoela, ama abokatuaren aldamenean zegoen eta ondarrutarrak amagaz berba egin ahal izan du, «txiripaz», adierazi dute senideek.
Gaurkoa bertan behera geratu eta gero, epaiketa bihar egingo da, Uranga aurrean dela. Eta epaileak epaia 14:00etan emango du. «Senideak gaur Euskal Herrira itzuli dira. Baina bihar, ustez, lagunak egongo dira bertan».
Bizkaia taldeagaz kolaboratu izana egozten diote ondarrutarrai. 2000. urtetik dago ihes eginda eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atzemateko euroagindua emonda zeukan, 2011 urtean.