Mutriku zeharkatzen duen errepidean seinalizazioa berriztatzen dabil aldundia
Udalak hala eskatuta, Jarri Tokitik hasi eta Olatzeko bideraino dauden seinaleak berrituko dituzte. «Seinaleak ipinita zeuden baina berritu egin behar ziren eta horretan dabiltza», azaldu dute udaleko teknikariek. Bide beretik, sarreran, ikastolara eta institutura joateko bidegurutze parean, errepidea estutu ere …
Udalak hala eskatuta, Jarri Tokitik hasi eta Olatzeko bideraino dauden seinaleak berrituko dituzte. «Seinaleak ipinita zeuden baina berritu egin behar ziren eta horretan dabiltza», azaldu dute udaleko teknikariek. Bide beretik, sarreran, ikastolara eta institutura joateko bidegurutze parean, errepidea estutu ere egingo dute, ibilgailuak astiroago joateko.

Lanak urtea amaitu aurretik egingo dituztela adierazi dute udaletik. «Aldundiak lan horiek egiteko dirua dauka gordeta eta urtea amaitu aurretik lanak eginda egongo dira, ezinbestean». Horrela bada, egunotan Mutriku zeharkatzen duen errepidean lanean dabiltza aldundiko langileak.
«Udalak, bere garaian, errepide horretako seinalizazioa aztertzeko eskatu zion aldundiari eta seinaleak ipinita bazeuden ere, berritu egin behar ziren».
Errepidea estutuz
Seinalizazioa aldatzeaz gain, ikastolara eta institutura joateko bidegurutzearen parean errepidea estutu egingo dutela azaldu dute udaletik. «Tarte horretan ibilgailuak astiroago joateko, errepide erdian erdibitzaile bat ipiniko dute. Horrela erraila estutu egingo da eta ibilgailuak motelago pasatuko dira bertatik».
Bada, errailak estututa, zebrabideak ere hobeto ikusiko direla diote udaleko teknikariek.
Lan horiek egiteko aldundiak diru partida bat gordeta zuenez, lanak urtea amaitu orduko amaituta egon behar direla azpimarratu du udalak.
Lanek herritarren artean kezka sortu badute ere, udalak argi utzi nahi izan du «bakarrik» seinaleak berrituko direla.