Arkaitz Estiballes galdakoztarra nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, bigarren urtez jarraian.

Miribillako harmailak beteta, 5.000 zaletu bildu zituen zapatuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final handiak. Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari bana izan ziren oholtza gainean, Iratxe Ibarra markina-xemeindarra eta Onintza Enbeita muxikarra, baina txapelik barik bueltatu ziren biak etxera. Igor Elortza durangarrak eta Arkaitz Estiballes galdakoztarrak jokatu zuten buruz burukoa, baina, azkenean, Estiballesi jantzi zion txapela Jon Lopategik.
Hain justu, 899 puntu pilatu zituen galdakoztarrak, eta durangarrak, berriz, 896. Haien atzetik sailkatu ziren Fredi Paia (506,5), Jone Uria (500), Onintza Enbeita (494,5), Miren Amuriza (490,5), Iratxe Ibarra (485,5) eta Etxahun Lekue (474).
ZuriƱe Iarrituk garaipenaren barri emanda, negarretan lehertu zen Estiballes. Besteak beste, berarekin oholtza gainean ziren bertsolariak eta Jon Enbeita eduki zituen gogoan txapeldunak azken agurrean. Garaipen horregaz, Unai Iturriagaren (1994 eta 1996), Balendin Enbeitaren (1958 eta 1959) eta Jon Enbeitaren (1990 eta 1992) pare jarri da Estiballes.