Amaitu da abendua eta berarekin batera baita 2012ko Abendurock ere. Balorazio «positiboa» egin dute antolatzaileek erreferente bihurtzen ari den jaialdi honi buruz. Egitarau berezia eta osoa antolatu du aurtengoan ere Mutrikuko Rock Kolektiboak.
Antolatu diren kontzertu guztiei egin diete balorazio «positiboa» antolatzaileek. Denetik egon da: bakarlaria, blues-a, rock-a, herriko musikariak… «Uste dugu talde onak egon direla, estilo desberdinetakoak, bereziak», azaldu dute.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Abendurock antolatzen laguntzen duten guztiei: Tabernei, Udalari edota gazte asanbladari, besteak beste.
MRK berriz martxan hasi zenetik urtero antolatu dute
Abendurock. Aurtengoa zortzigarrena izan da eta aurrera begira
«jarraitzeko asmoa» agertu dute antolatzaileek.

Kontzertuen artean MRK gaua antolatzen dute jaialdiaren antolatzaileek. Aurtengoa «berezia» izan dela diote bertaratu zirenek.
Urtero Santo Tomas feria egunean «zer edo zer desberdina» egiten da. Aurten Jan sesion antolatu zuten: instrumentuak eraman zituzten eta pintxo potea egin zen. Gero lau talde animatu ziren bertsioak jotzera taula gainera. Amaitzeko, Dj Stonek girotu zuen gaztetxea. «Oso anbiente polita egon zen», adierazi dute antolatzaileek.
Baina beste kontu batek oraindik bereziagoa egin zuen gaua. Izan ere, sarreran borondatea botatzeko lekua jarri zen.
«Hor jasotako dirua Bizimina Eibarko plataformarentzako izan da», adierazi dute antolatzaileek. Elkarte hori gaixotasun degeneratiboa duten umeei laguntzeko taldea da. Elkartekoak eurak ere bertan egon ziren. «
Helburua, alde batetik,
dirua biltzea izan da, eta bestetik,
jendeari elkartearen eta gaixotasun horien berri ematea», adierazi dute MRK-koek.
Bestetik, ikusleen artean zozketak egin ziren: Musika taldeen cd-ak, kamisetak… banatu ziren.
Eguna osotasunean hartuta balorazio «oso positiboa» egin dute antolatzaileek. «Egun horretan jendeak zer edo zer egongo dela jakitea lortu da», diote. «Gero eta jende gehiago animatzen da kontzertuetara», azaldu dute. Hau da,
«erreferentzia» bihurtu da MRK gaua.
Urte osoari begira ere jarri da MRK taldea. «Kontzertu asko antolatu ditugu 2012an», adierazi dute. Komunikabideetan kultura «krisian» dagoela entzuten dela diote, baina krisian «kultura mota bat» egon daitekeela azaldu dute. Izan ere, «gero eta kontzertu gehiago» ari dira bai ematen eta bai antolatzen. «Horrek erakusten du
kultura mota hau ez dagoela krisian», gaineratu dute. «Hausnarketa egiteko modukoa da hori: albisteetan gauza bat entzuten da baina errealitatea beste modu batekoa da», azaldu dute antolatzaileek.