Desegin egingo da Batasuna, aro barrira egokitzeko
Eratu zenetik 11 urtera, alderdia desegin egingo dela iragarri du Batasunak, Baionan egindako agerraldian. Erabakiak ziklo politiko baten amaierari erantzuten diola azaldu dute Maite Goienetxek eta Jean Claude Agerrek. Hain zuzen, “Euskal Herria fase politiko barri bateanĀ» dela aipatu dute Batasuneko kideek. “Fase horri heltzeko, ezker abertzalearen erakundeetan azken hilabeteetan egokitzapen urratsak” eman direla ekarri dute gogora; tartean, Segiren eta Askatasunaren desagerpena. “Logika horretan egitekoa” duten “azkeneko urratsa Batasunaren deuseztatzea” dela gaineratu dute Baionako agerraldian.
“Izenen gainetik, garrantzitsuena da gure borrokari eraginkortasuna bermatzea eta hori segurtatzeko beharrezkoak ditugun tresnak aro politiko bakoitzari egokitzea”, esan dute. Helburu horri erantzuteko asmoz erabaki dute alderdia desegitea. “Fase politiko berri bat eraikitzen hasi gara, bide horretan segitzeko borondatea dugu, eta, horretarako, Batasuna ez da gehiago tresna politiko egokia”.
Orotara hamabi urteko ibilbidea egin du ezker abertzalearen alderdi politikoak, eta Espainiako epaitegiek alderdia legez kanporatzeak egoera nahaspilatsuan utzi zuen alderdia; debekatua Hego Euskal Herrian, baina legezkoa Ipar Euskal Herrian.
Hego Euskal Herrian ez zuen ibilbide luzea egiterik izan. Alderdien Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2002an, eta 2003an legez kanpokotzat jo zuten Batasuna auzitegiek, ETArekin lotura zuelakoan eta, besteak beste, Isa Mandiola markina-xemeindarra auzipetu zuten.