«Gurea ikurrina delako». Horrexegatik, zapatuan, 17:00etan, ikurrina handi baten mosaikoa egiteko deia zabaldu du herritar talde batek.
«Espainiako bandera ipini nahi digute mehatxupean», esan dute. Izan be, Markina-Xemeingo Udalean Espainiako bandera jartzeko agindua jaso dute, «geure sentitzen ez dugun arren eta herritar gehienon iritziaren gainetik».
Deitzaileen esanetan, herri honek «denbora asko» daroa beraren identitatea defendatu nahian. «Frankismo garaian hizkuntza zapaldu eta ikurrina debekatu ziguten eta 2012an gure hezkuntza sistema begipuntuan daukate eta euren sinboloak inposatu nahi dizkigute» diote.
Horregatik, «nor garen eta zer nahi dugun argi lagatzeko» dei egin dute mosaiko erraldoia osatzera. «Markina-xemeindarron artean geurea den ikurrina osatuko dugu, geure abertzaletasuna denok batera erakusteko».
Mosaikoa egitera dei egiten dutenak «herritarrak» eta «abertzaleak» direlako batu direla adierazi dute. «Hemen batu garen herritarrak adin eta arlo desberdinetakoak gara. Halan eta be, gauza bik gutxienez batzen gaitu: Markina-xemeindarrak gara eta abertzale legez, ikurrinaren alde gaude», adierazi dute. Horregatik, euren moduan «herritarrak eta abertzaleak diren danak» gonbidatu nahi dituzte etziko ekitaldira.
Mosaiko erraldoia egiteaz gain, herritarrei balkoietan ikurrinak jartzeko deia ere egin diete, herri osoa «ikurrinaz betetzea» lor dadin.