Mutriku Rock Taldeen Kolektiboak antolatuta, baxu master class-a egingo dute zapatuan, Mutrikuko Zabiel kultur etxean. Klasea 12:00etan hasiko da, eta doakoa izango da.
Beste behin ere, MRK-k musikaren munduan barneratuko ditu herritarrak. Horrela, oraingoan baxua jotzen ikasteko eta trebatzeko goi mailako klasea eskainiko du. Oscar Muñoz izango da irakaslea.
Muñoz goi mailako lizentziatua da baxu elektrikoaren espezialitatean. Nafarroako musika kontserbatorioan ikasi zuen, eta baxu elektrikoan eta armonia modernoen ikasketak egin zituen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Aula de Barcelona eta Esmuc-en irakasle den Ignasi Zamora maisuaren ospetsuaren gidaritzapean.
Muñoz, talde ezberdinetan
Horrez gain, Zaragozako (Aragoi, Espainia) Jazz tailerrean baxu elektrikoaren, armonia modernoaren eta entzumenaren heziketa ikasketak egin zituen.
Gaur egun Huecco taldearen Dame vida izeneko biran, Lucia Perezen biran, FUM electric trio eta Sela&Sarestski taldean parte hartzen du. Corita Viamonte kupletistarekin ere jotzen du baxua. Oro har, beraz, talde ezberdin askotan parte hartu du Muñozek. Duela bi urtetik, ostera, Lakland baxuen endorser-a da.
Ez da izena eman behar
Bada, musikari profesional eta ospetsu hori Mutrikun izango da zapatuan, herriko musikariei berak ikasitakoa irakasten.
Ekimenean parte hartzeko ez da aurretik izena eman behar, doakoa da-eta. Parte hartu nahi dutenek nahikoa izango dute aipatu egunean eta orduan Zabielera agertzea.