08:00etan Txanbolingo bidegurutzetik abiatuko da herribusa. Ibilgailuak 17 jesarleku eta ezinduentzako prestatutako plaza berezia edukiko ditu. Egitasmoa hainbat herritarrek egindako eskaerari erantzunez abiarazi du
Mutrikuko Udalak;
proiektuak Anaiarte Biltokiaren oniritzia ere jaso du.
Bidaia bakoitzak 0’50 zentimo balioko du,
eskuz ordainduz gero. Izan ere,
udalak bonoak ere atera ditu. Bada, bonoa erosiz gero, bidaia gehiago egiteko aukera dago.
Bi bono daude:
bost eurokoa (12 bidaia), eta
hamar eurokoa (25 bidaia).
Bonoak herriko ondoko denda eta tabernetan daude salgai: Sabina, Virginia, Kristina denda, Txalaparta, Bar puerto, Txirlatxo eta Goiko Eroski (Arrieta). Udaletxeko harreran ere salgai egongo direla jakin eragin du udalak.
Herribusak herriko
hainbat auzo lotu eta herritarrei haietara heltzea erraztea edukiko du helburu. Bada, autobusak
hamar geraleku edukiko ditu: Txanbolingo bidegurutzea, portuko zabalera, San Agustin kalea, Iriagirre, Goiko Plaza, osasun etxea, Samikolla, Gabilondo ur biltegia, Eladio aurrea eta osasun etxea.
Zerbitzua astelehenetik barikura egongo da, goizez.
Ibilbidea osoak 40 minutu iraungo ditu. Eta behin ibilbidea beteta, hurrengo buelta hasteko denbora tartean (10 minutu), Mijoara joango da.
Egitasmoa astelehenean abian jarriko bada ere,
aurrera begira, herribusaren geralekuak gehitu ahal direla esan du udalak. “Herritarrei hondartzako edo eta portuko eremuetara heltzeko erraztasuna eskaini nahi diegu”.
Autobus zerbitzuari buruzko informazioa etxe guztietara helarazi du Udalak, eta
Arrate Uranga Mutrikuko Udaleko Politika Sozialeko batzordeburuaren esanetan, udalak zerbitzua probatzera animatu nahi izan ditu herritarrak. “Etxe bakoitzara eskutitz bana helarazi dugu herritar guztiei zerbitzuaren berri emateko. Horrekin batera, eta jendeari zerbitzua probatzeko aukera emateko, bina txarteltxo ere bidali dizkiegu”.
Ibilbidea eta ordutegia, ikusgai HEMEN.