Gaur, astelehena,
aingirak eta amuarrainak hilik agertu dira, ur azalean,
Mijoa errekan.
Auzotarrek errekan isurketaren bat egon dela salatu dute. “Amuarrain zein aingirek ezin izan diote kutsadurari eutsi, eta ondorioz ur azalean agertu dira eta ez arrain bat edo bi, dozenaka. Mijoako industrialdeak isurtzen duen likido kutsatzaile nazkagarriek aberastasun guztia desagertaraziko dute”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuela salaketaren berri esan du. Dena dela, gaiari “helduko” diotela esan dute.
Gipuzkoako Ur Agentziak teknikari bat bidali duela esan du. “Teknikariak erreka osoa aztertu du eta ez du inongo isurketarik aurkitu. Arrain bakarra ikusi du hilda, baina beste ezer arrarorik ez du ikusi. Garrantziarik ez duen zer edo zer izan da. Beroak ere eragin dezake eta hildako arrainak ez dira asko. Beste abisurik ez badago, guk amaitutzat ematen dugu azterketa”.
Mutrikuko Berdeak+Independienteak herri plataformak, bestalde, “isurketa” non gertatu den behar bezala aztertzeko eskatu die erakundeei. Herritarren inplikazioa txalotu du plataformak.
