Espero baino jende gehiago batu dela esan dute
Lekeitioko Herrirako kideek. Presoen eskubideen aldeko eguna “ederto” joan zela esan dute, baina gauean
ekaitzak kontzertuak izorratu zituen. Izan ere, plazan egitekoak ziren kontzertuak
Kontziopean egin behar izan ziren, eta han hasi arren, goizaldean argia joan eta
bertan behera geratu behar izan ziren.
Bestela, eguna
“zoragarri” joan zela esan dute antolatzaileek. Goizean, mendi martxagaz hasi zen eguna. Eguerdian,
300 lagun batu ziren bazkaltzen, “espero baino gehiago”. Ateratako
kamiseta danak saldu zituztela nabarmendu dute, eta horregatik, Lekeitio urdinez jantzi zela. Bazkalostean, margoen zozketa egin zen.
Iluntzean,
manifestazio jendetsua egin zen Lekeitioko kaleetan, eta ostean ekitaldia egin zuten.
Ekitaldian “elkartasunaren indarra” nabarmendu zuten deitzaileek. “Egun honetan jende askok parte hartzen du, eta hor ikusten da elkartasuna”, diote. Bazkaltzeko marmitakoa elkarteetan egiten da, tabernariek edariak emoten dituzte, zerbitzeko jendea egoten da… “Filosofia hori nabarmendu nahi izan genuen”, azaldu dute.
Bestalde, ekitaldian
Lander Fernandez presoaren atxiloketa saihesten saiatu ziren italiarrek ere parte hartu zuten. Fernandez Italian atxilotu zuten, eta bera babesteko
Lander Libero plataforma sortu zuten. Plataformako kideak ere Lekeitioko agertokiaren gaineran egon ziren zapatuan. Herriko presoen senideak ere eszenatokian egon ziren.
Horra arte eguna ederto batean joan zen. Baina
eguraldiak ez zuen lagundu ondo amaitzen. Izan ere, ezin izan ziren kontzertuak plazan egin, musika ekipoa busti zelako. Horregatik, Kontziopean egin behar izan ziren. Baina ez ziren arazoak amaitu: goizaldean argia joan, eta bertan behera geratu ziren kontzertuak.
Kontzertuen arantzatxoagaz, baina bestela, elkartasunak olatu urdin ederra eroan zuen Lekeitiora zapatuan euskal presoen alde.