Santurtzi hirugarren sailkatuari puntu bakarra ateratzen dio Isuntzak
Isuntza denboraldi hasiera ona egiten ari da, baina garaipena ospatzea falta zaio. Orain arte jokatutako estropadetan hiru biderrez sailkatu dira bigarren eta beste bi biderrez hirugarren, baina banderarik astindu barik jarraitzen dute lekeitiarrek.
Asteburuan ere, ondo moldatu zen bertoko taldea, baina esku hutsik bueltatu zen herrira berriro ere. Hain zuzen, hirugarren postuan amaitu zuen Orioko Bixigu Eguna bandera, Zierbenaren eta Santurtziren atzetik. Lehen hiru taldeen arteko aldeak, baina, handiegiak izan ziren lekeitiarren helburuetarako. Izan ere, Zierbena liderrak 21 segundu atera zizkion Isuntzari. Santurtzi bigarren sailkatua, bestalde, Lekeitioko taldea baino 11 segundu lehenago helmugaratu zen.
Lekeitiarrek kontu handiz ibili beharko dute play-offetatik kanpo ez geratzeko. Santurtzik liga hasiera nahiko txarra egin zuen, baina azkenaldian gorako joera nabarmena erakutsi du. Ligako bost estropada jokatuta, Isuntza bigarren sailkatua da, baina Santurtzi puntu bakarrera dauka atzetik.
Ondarroak be Bixigu Eguna bandera jokatu zuen zapatuan. Ondarrutarrak seigarren sailkatu ziren Orioko uretan, Ohorezko Txandatik kanpo geratuz. Hain zuzen, sailkapen orokorreko bosgarren postuan dago bertoko taldea, Trintxerpe laugarren sailkatuarengandik puntu bakarrera.