Berdintasunaren aldeko zazpi ekimen egongo dira abendura arte Ondarroako Etxelilan

Urte amaiera bitartean ekitaldi sorta interesgarria antolatu du Etxelila emakumeen topalekuak. Ekimenez ekimen, Etxelila emakumeen topaketarako, eztabaidarako eta gogoetarako gune izatea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko borrokaren erreferentzia gunea izatea bilatu dute arduradunek. Ondarroako Udalak gogoratu duenez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzearen aldeko jarduerak antolatu nahi duen edozein taldek, elkartek edo pertsonak erabil ditzake emakumeen topalekuko guneak, baldin-eta bertan ezarritako jarduera ildoekin bat egiten badu. «Berdintasunaren alde egiten duzuenok eta feminismoan sinisten duzuenok gonbidatzen zaituztegu espazio horretan parte hartzera».
IMG_1849

Etxabururen 33 lan ikus daitezke Etxelilan

Barikura arte, behinik behin,  Maria Angeles Etxaburu ondarrutarraren margolanen erakusketa bisitatu daiteke emakumeen topalekuan: 16:30etatik 20:30era daude ikusgai kolorez eta mugimenduz betetako lanak. Etxaburuk orain dela 25 urtetik hona egindako lanak bildu ditu erakusketan, 7 emakume en movimiento taldearen ekimenez. Aurretik, Antiguako Aman eta foru aldundiaren Bilboko eraikin batean erakutsi du margolan bat edo beste. “Estreinako egiten dut horrelako erakusketa handi bat”, esan du, herritar guztiei Etxelilara joateko gonbitea eginaz.

IMG_1852

Etxelila

EGITARAUA Urriak 1-31 Erakusketak. Eskualdeko emakume artisten lanak ikusgai. Antolatzailea: 7 Emakume en movimiento. Azaroak 12 eta 19 Gizonentzako ikastaroa. Gizonok gizonentzat antolatutako saioa, 19:00etatik 21:00etara. Identitate maskulinoak eta biolentzia. Antolatzailea: Ondarroako Gizon Taldea. Laguntzailea: Gizonduz. Azaroak 18-19 Argazki erakusketa. Gizonok berdintasunaren alde argazki erakusketa.

Azaroak 20 Zine forum. El Cairo 678 filma eta eztabaida, 19:00etan.

Azaroak 28 Bertso musikatuak. Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. Abenduak 4 Hitzaldia. Maskulinitatea: eraldatu, irauli edo baztertu, 19:00etan, Jokin Azpiazugaz. Abenduak 2-21 Jabekuntza erretratuak. Palestinako emakumeekin elkartasun sarea sortzen. Bisita gidatuak egingo dira.