Rafael Akarregi ondarrutarraren erakusketa ikusgai dago, Udal Erakusketa Aretoan
Koadroak «denbora duenean, tarteka» egiten dituela dio Rafael Akarregik. Baina erakusketan dauden koadro guztiak aurten egindakoak direla dio. Orokorrean, koadroak «burura etorri ahala» egiten dituela dio Akarregik. «Gero, beste kasu batzuetan, gertatu egiten zait. Adibidez, Aitte Piedadeko koadroa, esaterako, makurtu nintzen momentuan ikusi nuen». Gero, bertara joan, marrazkia egin eta koadroa egiten hasten dela dio. «Koadro horren kasuan, lekura bertara joan behar izan nintzen barriro, koloreak ikustera». Zaletasuna, txikitatik Bada, koadroetan bera txikia zenean ibiltzen zeneko lekuak edo txokoak jasotzen dituela gaineratu du. Akarregiri betidanik gustatu izan zaio margotzea. Eta egiteko hori txikia zenetik egiten duela dio. Koadro guztiak non gordetzen dituen galdetzerakoan, irribarrez erantzun du. «Ohe atzean, azpian, komuneko ate atzean… Leku danetan gordetzen ditut. Etxeak galeria ematen du». Oro har, erakusketa ilusioz montatu duela esan du. «Momentuz jendea erakusketara sartzen ari da, eta hori pozgarria da». Koadroak erakusketan ikusgai ipintzeaz gain, saldu ere egiten dituela dio. «Nahi duenak, gustuko duen koadroa erosi ahal du». Erakusketak domekan ateak itxiko baditu ere, Akarregik margotzen jarraituko du. Eta beste behin ere, berak egoki ikusten duenean, beste erakusketa baten ikusgai jarriko ditu lanak. Momentuz, herritarrek, herriko artista baten artelanak ikusteko aukera eskura daukate, astelehenetik barikura, 18:00etatik 21:00etara. Zapatuan eta domekan, ostera, erakusketa 12:00etatik 13:30era egongo da zabalik.