Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du gaur diskoa
Etxeko intimitatetik kaleko zurrunbilora atera du Keu Agirretxeak bere azken diskoa:
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du, gaur goizean, Behe presioaren erdigunea, Mauka etxeagaz.
Hainbat proiektutan buru-belarri aritzeak ez dio musikariari disko berri bat egiteko gogorik kendu. Hori bai,
etxean grabatu nahi izan du, eguneroko egitekoi erantzun ahal izateko moduan.
Behe presioaren erdigunea disko borobila eta jantzia da. Dagoeneko menderatzen duen slide gitarrak sakontasun eta goxotasun handiagoa eman die kantu batzuei, folk amerikarraren eta countryaren koordenatuetatik hurre, –
Bakoitzean eta
Olatu bakoitzeko–.
Bidelagunei esker, oraindik ere aparteago bidaiatuko dute kantuek eta entzuleek: Xabi Solanoren programazioek lagunduta,
Inork ez digu esaten mestizaje giroetara ailegatu daiteke; Esteban Valcarcelen tronpetak Kubako izpiritua zabaltzen du
Bi izan kantuan, Eneko Mobydick-en parte-hartzeagaz –ahotsean– diskoko kantu ederrenetakoa bilakatuz. Eta zelan ez,
alboan ez du falta izan Mikel Arakistain lagunaren baxuaren doinua.
Hori eta askoz ere gehiago dakar Keuren diskoak. Ez musika bakarrik. Hitz ederrak ere bildu ditu lanean, hutsunea, oroimenak eta elkartasuna (
Zubian) tarteko: besteak beste,
Leire Bilbao, Mikel Etxaburu eta Aiert Goenaga ondarrutarren berbek jantzi dituzte abestiak.
Lehen geralekua, Ondarroa
Etxean egin eta etxean aurkeztu.
Lehen kontzertua Ondarroako Kofradia Zaharrean emango du. Azaroaren 2an izango da hori. Kontzertuz kontzertu, abenduaren 6an Durangoko Azokako Ahotsenea espazioan egongo da, eta abenduaren 27an, Mutrikun.