Lekeitioko Udalak Abaroa jauregia Euskal Herriko Kultur ondarearen zerrendan sartzea eskatu dio oraintsu Eusko Jaurlaritzari.
Horren aurrean, Lekeitioko EAJ-k kritika egin dio udalean agintean dagoen Bilduri. EAJk esan du albistea
“positiboki” baloratzen duela. Hala ere, babesa ematea ez dela zerrenda horretan sartuta “bakarrik” egiten. Izan ere, udalak herriko
arau subsidiarioetan ez diola “inolako babesik” ematen esan dute, eta hori “derrigorrezkoa” ikusten dutela. EAJk oharrean kaleratu duenez, ez da ahaztu behar
Abaroak okupatuta jarraitzen duela, “Udalaren konplizitateaz, laguntzaz eta babesaz”.
Helburu nagusi bat
diru-laguntzak jasotzea da. “Ezin dugu ahaztu urte bi eta erdi hauetan obra ezberdinak egiteko jaso dituzten diru laguntzak kudeatzeko gaitasun eza argi geratu dela, lidergo eta ganora faltagatik”, kritikatu dute.
EAJko udal taldeak gaineratu du, zerrenda horretan sartzeari buruz
ez duela jaso “inolako informaziorik”, prentsan irakurri dutela. “Bilduren gardentasun eta informazio falta nabaria dugu”, esan dute.
Amaitzeko, Abaroa jauregiarena “adibide bat gehiago” dela esan dute, baina larriagoa dela lekeitiarren “nortasuna eta bizi kalitatea hobetzeko duen “utzikeria” eta “interes” falta. “Etorkizunak erantzukizunak eskatuko dizkie gure nortasuna hiltzen uzten eta baimentzen ari direnei”, esan dute.