Herriek elkarrengandik ikasteko asko daukatelako,
Irlandako Sinn Fein alderdiko 27 gazte Euskal Herrian egon dira asteon. Herri eta hirietako txokoak ezagutzeko, gatazka politikoari buruz ikasteko, eta eragileen jarduna ezagutzeko aprobetxatu dituzte asteak eman dituen orduak. Tartean, Lekeition ere egon dira irlandarrak, herri mugimenduak ezagutzen.
Gazte Danbadan sortu zen bidaia honetarako ideia. Sinn Feineko gazteek Euskal Herria hobeto ezagutu nahi zutela esan zieten bertoko gazteei, eta brigada bat antolatzeko gogoa zeukatela. Hemengoak prest agertu ziren, eta horrela hasi zen abentura.
Lehengo asteko eguenean iritsi ziren. Egun horretan, legebiltzarrean egon ziren, EHBildukoen jarduna ezagutzen.
Barikuan Sakanako gazte mugimenduaren proiektuak ezagutu zituzten Altsasun.
Hilaren 20an heldu ziren Sinn Feineko kideak Gernika-Lumora. Goizean, Bakearen museoa bisitatu zuten, gerra zibilean bizi izandakoa ezagutzeko. Ostean, Gernika-Lumoko herri mugimendua ezagutzeko asmoz, Astra proiektuari buruzko azalpenak entzun zituzten.
Arratsaldean heldu ziren
Lekeitiora. Lehenengo
herria bisitatu zuten, inguruak ezagutzeko. Ostean,
gazte mugimenduko kide batek Lekeitioko arazoak azaldu zizkien, eta
gaztetxea ezagutzera joan ziren.
Okupazioaren zergatiak ezagutu zituzten han.
Astelehenean 197/2006 doktrinaren epaia jakitera Bilbora joan ziren. Gero, Iruñan Euskal Herrian Euskarazekin egon ziren, euskararen egoera ezagutzeko.
Atzo Donostin pasatu zuten eguna. Sortu alderdia ezagutu zuten, eta ostean, Donostiako udaletxean egon ziren haien funtzionamendua ezagutzen.
Gaur, LAB sindikatukoekin egon ziren, eta gero, iparraldeko gazte mugimendukoekin. Ikasle Abertzaleak eta Ernai gazte erakundearen berri ere eduki dute.
Aste intentso eta biribilaren ostean, bihar bueltatuko dira Sinn Feineko gazteak Irlandara.