Hilabeteetako gatazkaren ostean hasi dute Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresa likidatzeko prozedura. Dagoeneko
kontratuak eten dizkiete bertako langileei, behin betirako, eta enpresa bera zein dituen zorrak prozedura konkurtsalean jarri dituzte.
Hain zuzen,
lau nomina zor dizkiete TMAko langileei, eta soldatak bermatzeko funtsak (FOGASA) hartuko du langileei ordainketak egiteko ardura. Hala ere,
zor dietenaren erdia baino zerbait gehiago baino ez dute kobratu ahal izango langileek funtsa horretatik.
TMArekin ez bezala,
Laserlan SA enpresak irtenbiderik ote duen aztertuko dute orain. Enpresa hori ere prozedura konkurtsalean dago, eta bideragarritasun plana astebetean egina izango zutela agindu arren, hilabete igaro ostean inolako berririk ez daukate langileek.
TMA itxi ostean,
22 lanpostu galdu dira Etxebarrin; eta Laserlango beste 27 daude kolokan.
Langileak
Ermuan izan dira gaur, enpresako kudeatzaile ohiaren herrian bertan,
protestan. Soldatak ordaintzeko exijitu dute Laserlango langileek, eta bideragarritasun plana egiteko eskatu dute, euren etorkizuna kolokan dagoelako.