Atzo iluntzean atera ziren gazteak espetxetik. Arratsaldean baieztatu zuen abokatuak absoluzioa, eta
ordu gutxira geratu ziren aske.
2002an autobus bat erretzea leporatuta epaitu zituzten Lander Fernandez lekeitiarra eta Aingeru Cardaño munitibartarra lehengo astean.
Fiskalak 3 urteko kartzela zigor eskaera egin zuen gazte bientzako;
defentsa abokatuak, ostera, absoluzioa eskatu zuen. Atzo jaso zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia: absoluzioa. Ondorioz, libre geratu dira bi gazteak.
Lander Fernandez Erroman (Italia) atxilotu zuten 2012ko uztailean, eta Madrilera (Espainia) eroan zuten estraditatuta aurtengo urtarrilean. Orain, Extremerako (Madril, Espainia) kartzelan zegoen Fernandez.
Aingeru Cardaño, ostera, 2007ko uztailaren 2an atxilotu zuten Donibane Garazin (Nafarroa Beherea). Aurtengo urtarrilean estraditatu zuten Espainiara. Orain, Ocaña I espetxean zegoen (Toledo, Espainia).