Irteera-parrilan urduritasuna da nagusi. Bidaia luzea izan da, eta Italian gertatutakoa errepikatzerik ez dute nahi GGTeam taldekoek. 60 parte hartzaile baino gehiago aterako dira
Alcañizeko Motorland Zirkuituko pistara. Dena prest dago motorraren festari hasiera emateko. Indarrez egin du orro Guzziak.
Denboraldi bikaina eginda,
Lea-Artibaiko GGTeam taldeko motor gidariak ohiko bihurtu dira podiumeko kaxoi gainean. Zortzi lasterketa jokatu dituzte aurten, eta zazpietan geratu dira lehen hiru postuetan.
Italiara joan ziren maiatzean, Imola zirkuitura, baina motorra apurtu zitzaien eta bertan behera geratu zitzaizkien asmo guztiak
Estatu mailakoak izan dira zazpi lasterketak; laburrak, hamar itzulikoak. Baina Europakoan jarri dituzte ilusio guztiak: Motor Klasikoen Europako erresistentzia txapelketan, European Classic Series lasterketetan.
Italiara joan ziren maiatzean, Imola zirkuitura, baina motorra apurtu zitzaien eta bertan behera geratu zitzaizkien asmo guztiak. Belgikako Spa-Francorchamp zirkuituko lasterketara ez zuten joaterik izan, bidaia oso garestia zelako. Beraz, Alcañiz zuten azken aukera, eta etekina atera zioten. Espero baino hobeto ibili zen taldea, bigarren postua bere eginez.
78ko Guzzia
2003an sortu zen GGTeam, Gune Gorria Taldea, eta zazpi urte daramatza Europa mailako lasterketetan parte hartzen. Europarako jauzia ez zen erraza izan. Lurralde mailako lasterketa gainditu behar izan zuten maila horretan parte hartu ahal izateko, baina gero, urtez urte, izena lortzen joan dira.
Alcañizekoa orain arte lortu duten emaitzarik onena izan da. Hamaseigarren ziren sailkapen orokorrean, hirugarren postuan euren mailan, eta helburua mantentzea zuten arren, lasterketa bikaina egin eta denbora hobetzea lortu zuten
Motor zahar bat erosi zuten, eta prestatzen joan dira apurka-apurka. Batak pieza bat, besteak bestea… denen artean prestatu dute lasterketetan erabiltzen duten 1978ko Guzzi motorra, eta motor horrek eroan du taldea gorenera.
Alcañizekoa orain arte lortu duten emaitzarik onena izan da. Hamaseigarren ziren sailkapen orokorrean, hirugarren postuan euren mailan, eta helburua mantentzea zuten arren, lasterketa bikaina egin eta denbora hobetzea lortu zuten: hamaikagarren geratu ziren sailkapen orokorrean, eta bigarren dagokien mailan.
Asier Ajuria eta Juan Jose Soldevila txandakatu ziren motor gainean. Hiru ordu iraun zuen erresistentzia probak.
Beste proiektu batzuk
Orain arte hiru lasterketa izan ditu Europako motor klasikoen erresistentzia txapelketak, baina datorren urtetik aurrera bost izango dira Espainian, Frantzian, Italian, Alemanian eta Belgikan jokatuko diren probak. Erabaki horrek kostua be gehitu egingo du; beraz, Europa mailan egon nahi badute, babeslea beharko du taldeak.
Denboraldia amaituta, beste proiektu batzuk ditu esku artean GGT-k. Azaroaren 15ean,16an eta 17an Barakaldoko BECen antolatzen duten Retromotor erakusketan egon dira, eta abenduan, ostera, taldearen hamar urteetako ibilbidearen erakusketa zabalduko dute, «nortzuk garen eta zer egiten dugun herritarrei erakusteko».
Gaur egun Lea-Artibaiko 25 lagunek osatzen dute taldea, eta 100 bazkide gehiago dituzte. Motor klasiko zein modernoekin ibiltzen dira, eta era askotako txapelketetan parte hartzen dute.
Lekeitioko gasolindegi zaharrean dute euren txokoa, eta orduak eta orduak egiten dituzte motorrak prestatzen. Denetarik pasatu dute: elurra, uholdeak, gaixotasunak… baina motorrenganako zaletasunak oztopo guztiak gainditzeko indarra ematen die.