Santa Zezili eguna, Ondarroan
Santa Zezilia egunaren harira, musikagaz lotutako hainbat ekitaldi izango dira egunotan Lea-Artibain eta Mutrikun. Izan ere, ohiturari eutsiz, euren zaindariari ohore egingo diete musikariek, zenbait kasutan musika kalera ere ateraz.
Herrietako bazterrak musikaz blaituko dituztenen artean daude Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen (EHME) baitako ikasle eta irakasleak. Hain justu, Musikalean topaketan parte hartuko dute Berriatuko Tarine Udal Musika Eskolak eta Ondarroako Unanue Udal Musika Eskolak. Berriatukoak ikasle guztiei egin die parte hartzeko deialdia, eta Ondarroakoak ikasle txikienekin egingo du saioa.
Gaur izango da seigarren Musikalean, eta 18:00etatik 20:00etara arteko tartean eskainiko dituzte kontzertuak musika eskolek. Aurten, gainera, Raimundo Sarriegi omendu gura du EHMEk, haren heriotzaren mendeurrena dela eta. Horrenbestez, eskolak konpositore horren musika zabaltzera gonbidatu dituzte.
Elkartekide izan arren, Mutrikukoak aurten ez du Musikalean-en parte hartuko, baina antolatu ditu zenbait jarduera barikurako. Hala, Banda Txiki eta trikitixa taldeek kalejira egingo dute, 17:00etan hasita, eta ondoren musika eskolako ikasleentzako merienda egingo dute. 19:00etan, bestetik, kontzertua egongo da komentuan, eta, ekitaldi berean, Sara Basurko eta Ane EgaƱa klarinete-joleei diploma bana emango die eskolak.
Biharamunean, 13:00etan, Mutrikuko Musika Bandaren Santa Zezilia eguneko kontzertua egongo da, Zabiel plazan. Kontzertu horren bukaeran, abenduaren 20an Euskalduna Jauregian Beethovenen 9. sinfonia entzutera joateko bi sarrera zozkatuko dituzte. Irabazleak, gainera, Aizian jatetxean bi lagunentzako afari bat ere eskuratuko du.
Ondarrutarrek ere musikagaz gozatzeko aukera bat baino gehiago edukiko dute. Barikuan Santa Zezilia eguneko kontzertua hartuko du Kofradia Zaharrak, 20:15ean. Musika eskolako bandak, Ondarroako Txistulari Taldeak eta Ondarroako Metal taldeak parte hartuko dute. Zapatuan, azkenik, txistulari taldearen eta metal taldearen kalejira izango dira Ondarroan, eta Kresala Musika Banda ere kalez kale entzuteko aukera egongo da.
Markina-Xemeinen eta Lekeition barikuan eta zapatuan izango dituzte ekitaldiak. Markina-Xemeinen, barikukoa Emeki koralaren eskutik etorriko da, 20:00etatik aurrera kalez kale ibiliko baitira abesbatzeko kideak. Zapatuan, bestetik, Xemein Abesbatza, Xemein Gazte Ahots Abesbatza eta Markina-Xemeingo Musika Banda entzun ahal izango dira, 20:00etan kontzertua emango baitute Kontzekupean. Lekeitiori dagokionez, etzi iluntzean Itxaropena txistularien eta dultzaineroen kalejira egongo da, eta zapatuan Lekitto Musika Bandaren kontzertua eta Aittitta Makurra txarangaren eta Aratuste Alai estudiantinaren kalejirak.