Beste behin ere, “pozik” amaitu dute Aurrera Mendi Taldekoek Mendi Asteagaz.
“Ondo joan da, jendea gustora geratu da eta gu ere bai”, esan du Fede Arantzamendi Aurrera Mendi Taldeko kideak. Azaroaren 20an hasi, eta atzo amaitu ziren
XIII. Mendi Asteko ekitaldiak.
GPS ikastaroagaz hasi zuten mendi hastea azaroaren 20an. “Oso ondo” joan zela esan du Arantzamendik. “Pixkat gogorra izaten da GPS-agaz eta ordenagailuagaz ibiltzea, batez ere, ohiko erabiltzaileak ez direnen kasuan, baina oso ondo joan da ikastaroa”, esan du.
Azaroaren 26an
Entrenamendu eta egokitzapen egoki bat mendiaz gozatzeko tailerra eskaini zuen IƱigo Vicens ondarrutarrak. “Jende gutxiago etorri zen tailer horretara”, esan du Arantzamendik. “Aste barruan izan zen, eta ez da erreza aste barruan jendea mugiaraztea”, adierazi du.
Barikuan,
Jose Carlos Tamayok Karakorum-go esperientzia azaldu zuen Kofradia Zaharrean irudiz lagunduta. “Oso hizlari ona da Jose Carlos”, esan du Arantzamendik. “Mendian abila da, eta ederto azaldu zuen esperientzia”, dio.
Zapatuan,
eskolarteko Boulder txapelketa antolatu zuten Zaldupe kiroldegian. “Bete-bete egin zen kiroldegia, giro polita egon zen”, esan du Aurrera Mendi Taldeko kideak. “Eskolartekoa denez, ume eta guraso asko etortzen da”. Urtean zehar, lau-bost froga egoten dira, eta hau, aurtengo lehenengoa izan da.
Atzo amaitu zen Mendi Astea Finalista Egunagaz. Goizean mendi ibilaldia egin zuten Ondarroatik. Berriatuan jende gehiago batu zitzaien, eta hango Madalena auzora joan ziren. “Gustora joan ginen, eguraldiak ere lagundu egin zuen eta ederto joan zen ibilaldia”, dio Arantzamendik. Sariak ere banatu zituzten: zozketa bidez, tokatzen zitzaien mendizaleei eman zieten detailetxo bana.
Aurtengoa ere “ederto” joan dela esan dute: “Beti nahi izaten da gehiago, baina
gustora gaude aurten egindako ekintzekin ere”, diote. “Datorren urtean gehiago”.