“Ondo” joan dira 23. urteurren ospakizuneko irratsaioak. Lehengoak eta oraingoak tartekatuta, irratsaio berezi bat baino gehiagori egin diote barikutik domekara bitartean Radixu Irratiko esatariek.
Arduradunak “pozik” geratu dira emaitzagaz, eta gauza bera gertatu da mikrofonoa hartu eta irratsaioa egin dutenekin. “Lehen irratsaioa egiten zuten asko eta asko desiatzen egoten dira 48 orduetan saioa egiteko”, azaldu du Iban Rekalde Radixuki kideak.
Zapatuko irratsaio berezia
Zapatuak, irratsaio berezia ekarri zuen: hamar minutuko elkarrizketak egin zizkieten denboraldi berrian irratsaioak egingo dituztenei, entzuleei ezagutzera ematea helburu. Irratiak berak egiten dituen hamabi saio daude orain momentuan uhinetan entzungai, horietatik bost berriak. Landutako gaiak guztiz ezberdinak dira euren artean: blues doinuak, Errusiako eta Errumaniako musika, emakumeei buruzkoa, bertsolaritzari buruzkoa… Eta ezin ahaztu, Arrosa Sarearen barruan dauden guztiak.