Asmo hori lortzeko, alde batetik, Egañaneko aparkaleku ertainen prezioa jaitsiko du, eta, bestetik, Fondaberriko aparkalekuan, hiru ordu doan aparkatzeko aukera eskainiko du, urtean 20 euroren truke.
Egañaneko aparkalekuen inguruan hartutako erabakiak tamaina ertaina duten guztiei eragingo die. Orain arte, hilean 76,83 eurokoa zen alokairuaren prezioa; 2014. urtean, berriz, 60 eurokoa izango da. «Prezioak jaitsita jendeak garaje propioa edukitzeko aukera aprobetxatzea da espero duguna», azaldu du Gobernazioburuak, hartutako neurri horrek urtebetean eraginik edukiko ez balu, lehengo prezioetara bueltatu beharrean egongo liratekeela azalduz. «Beraz, zenbat eta jende gehiago animatu hobe izango da», esan du.
Egañaneko aparkalekuetan alokairurako 24 garaje ertain gelditzen dira. Interesa daukatenek udaletxeko harrerara joan beharko dute.
Fondaberriko aparkalekuari dagokionez, iaz hasitako ekimen bati jarraipena ematea izan da hartutako erabakia.
Iaz,urtean 10 euro ordainduta, egunean ordu eta erdi doan aparkatzeko aukera ematen zuten txartelak sortu zituen udalak. 228 herritarrek egin zuten txartela.
Arrakasta ikusita, 2014an txartel hori mantentzeaz gain, beste bat ateratzea erabaki dute, Agirregomezkortak azaldu duenez. 20 euroren truke, hiru ordu doan aparkatzeko eskubidea emango die herritarrei txartel berria.
Fondaberriko txartelak desaktibatu egin ziren urtarrilaren 1ean.
Txartela berriz martxan jartzeko erabiltzaileek 10 euroko edo 20 euroko ordainketa egin beharko dute, eta udaltzainek aktibatuko dizkiete txartelak berriro. «Txartela aktibatzeko asmorik ez dutenei udaltzainetan bueltatzeko eskatuko genieke. Izan ere, txartel horiek berrerabiltzeko daude pentsatuta». Beste alde batetik, txartelik ez duten herritarrek eskaera orriak udaletxeko harrera bulegoan lortu ahal izango dituzte, eta udaltzainen bitartez txartela eskuratu.