Urte amaiera arte 4.000 erabiltzaile izan ditu autobus zerbitzuak. Datuak ikusita, udala “pozik “dago Herribusaren funtzionamenduarekin, eta aurten ere zerbitzua eskaintzeko asmoa dauka. “Zerbitzua ezagutu ahala, gero eta gehiago erabiltzen dute herritarrek. Gure lana haien beharrei ahalik-eta hobekien erantzutea da”.
Zerbitzua ahalik-eta egokiena izateko asmoz,
udalak bi bilera ireki egin zituzten herritarrekin, ekarpenak jasotzeko. “Bileretan jasotakoak plangintzara gehitu ditugu. Ekarpenak egiteaz gain, herritarrek, orokorrean, zerbitzuarekin gustura daudela adierazi ziguten”.
Herritarrekin ez ezik, zerbitzua eskaintzen duten enpresako kideekin ere batu dira udal ordezkariak, eta haien eguneroko esperientzia ere baliatuko du 2014ko zerbitzua zehazteko. “08:00-11:00ak bitarteko tartea da herritarrek gehien erabiltzen dutena. Arrakasta handia izan dute ikastolarako zerbitzuak eta hondartzarakoak ere”, aipatu du Agirregomezkortak. “Guzti hori kontuan hartuta ari gara zerbitzuaren diseinua egiten”.
Oinarriak, finkatuta
Oraindik Udala azken proposamena lantzen ari den arren, zerbitzuaren oinarriak finkatuta daude. Hartara, Herribusa urte osoko zerbitzua izango da, eta hiru ordutegi edukiko ditu: negukoa, udaberri-udazkenekoa eta udakoa. “Urtaroen arabera, herritarren beharrak aldatu egiten direnez, horri jarraituta diseinatuko ditugu ordutegiak eta ibilbideak”.
Goizeko zerbitzua gehien erabiltzen den orduetara mugatzea eta udaran arratsaldeko zerbitzua jartzea ere aztertzen ari dira. “Zerbitzua egokitzen jarraituko dugu herritarren eskaerei eta beharrei guztiz erantzun arte. Hori izan da hasiera-hasieratik zerbitzu honen helburua, eta bide horri eutsiko diogu”.