Aralarrek dio “oso larria” dela presoen abokatuak atxilotu izana eta berehala aske uztea exijitu du: “Seigarren Epaitegi Zentralak, Barne Ministerioak eta indar polizialek gaur Etxerat eta beste kolektibo batzuetako abokatuen kontra egin duten jarduera gaitzesten du Aralarrek, honako arrazoiengatik: Giza eskubideen aurkakoa delako; bakearen aurkakoa delako, hain zuzen, estatuaren laguntzarik gabe gure gizartean egonkortzen ari den bakearen aurkakoa delako; eta Abokatuen eskubide profesionalen eta, oro har, gizarte osoaren aurkakoa delako”.
ELA eta LAB sindikatuak, Aralar, Alternatiba, EH Bildu, Lokarrik eta Ernaik atxiloketak salatu dituzte, operazioa “larria eta onartezina” dela esanaz; guztiek atxilotuak eske lagatzeko exijitu diote Espainiako Gobernuari
Lokarrik ere atxiloketak salatu nahi izan ditu. “Espainiako Gobernuak itxaropena geldiarazi nahi du”. Atxilotuak aske uzteko eskatu du Lokarrik: “Gaur arte egin duten lana neurri handi ala txikiagoan kritikatu ahal da politikoki, baina inola ere ez da delitu”.
LAB sindikatuak ere atxiloketak salatu ditu. Operazio poliziala «errepresiboa, antidemokratikoa, politikoa eta mediatikoa» izan dela esan du sindikatuak. Halaber, atxiloketok Espainiar estatuaren «mendeku gogoaren» isla direla gaineratu eta langileei atxiloketen aurkako salaketa lantokietara helarazteko eskatu die.
ELA sindikatuak ere atxilotuak “berehala aska ditzatela” exijitu du: “Erabaki horrek, zeina oraingoan ere erabilera mediatikoarekin batera etorri baita, eskubide demokratikorik oinarrizkoenak urratzen ditu. ELAk ebidentzia bat nabarmendu nahi du: gure herrian normalizazio politikorantz egiten diren aldebakarreko urratsekin pozten ez diren indar bakarrak PP eta eskuin muturreko beste erakunde satelite batzuk dira”.
Al
ternatiba alderdiarentzat “onartezina” da operazioa “presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean” gauzatzea. Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak, estatuko segurtasun indarren “legezko oinarrik gabeko enegarren operazioa” salatu du.
Sortuk ere operazioa ozen salatu nahi izan du: “Konponbidearen aurka Alderdi Popularrak burutu duen enegarren saiakera dugu hau. Ez daukagu inongo zalantzarik esateko bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela gaurko operazioa”.