I
ñaki Goioaga abokatu eta EH Bilduko senatariaren bulegoa miatzen ari da Espainiako Guardia Zibila gaur (urtarrilak 10). Bertara sartzeko baimena eman du gaur Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Goioaga bertan ez egonda ere, baina bulegoan da Goioaga.
![1367577842_1](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2014/01/1367577842_1-300x199.jpg)
Goioagaren bulegoa miatzen ari zirela zabaldu zuten atzo hainbat iturrik, baina ez zen hala izan. Goioagarena ez beste bulego guztiak aritu ziren arakatzen. Izan ere, Espainiako Senatuko hautetsia da Goioaga, eta, beraz, foruduna da. Ez dago inputatuta auzian.
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zehatza eman zien guardia zibilei: Goioagaren bulegoa ere arakatu egin behar zuten, baina, derrigor, senatariaren beraren presentziarekin. Hura han ez zegoela bulegoan sartzea debekatu zien.
Guardia Zibila saiatu zen senatari eta abokatua lokalizatzen, baina ez zuten lortu, eta, beraz, haren bulegoa miatu gabe alde egin zuten Elkano kaleko egoitzatik. Goioagaren bulegoko atea itxita utzi dute. Zigilatuta.
Zuluetak bulegoa duen eraikinean du berea Goioagak, eta Guardia Zibilak uste du asteazkenean atxilotutakoek astia izan zutela hainbat agiri Goioagaren bulegoan gordetzeko.
Atzoko gertaerak
Herenegun (urtarrilak 8) atzemandako zortzi lagunen abokatuek “babesik eza” salatu dute gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Esan dutenez, ezin izan dira euren bulegoetara sartu, Zuluetaren bulegoaren ondoan dagoenez sarrera itxita dagoelako. Horren eraginez ezin dutela atxilotuen defentsa egin ohartarazi dute, eta salatu dute beste auzi batzuetako txostenak ere ezin dituztela eskuratu. Bien bitartean, Guardia Zibila izan da haien bulegoetan, baina Goioagarenean ez sartzeko agindu du Eloy Velasko epaileak, senetaria delako.
Atzo 15:30 aldera abiatutako polizia operazioak bart goizaldera arte iraun du. Ordu horretan sartu zen Guardia Zibila Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren abokatuen Bilboko bulegoan, eta bertan izan dira Arantza Zuluetarekin 04:30era arte. Alfonso Zenon abokatua izan da Zuluetarekin miaketan. Atxilotua bulegotik ateratzean, babesa adierazi diote hainbat lagunek.
Jon Enparantza abokatuari ere babesa adierazi diote etxeko atarian ehun lagun inguruk. Bilbon atxilotu zuten, eta Hernanira (Gipuzkoa) eraman zuten gero, bertan duen bulegoaren miaketara. Goizaldean eraman dute etxera, Donostiako Antiguo auzora, han ere sartu baitziren poliziak. 03:00etan amaitu dute etxea miatzen.
Mikel Almandozen etxea miatzen ere izan da goizaldean Guardia Zibila, Burlatan (Nafarroa). Bertan izan dira 01:30era arte. Atxilotuak komunikatuta daude, eta,
Naiz.info-ren arabera, Madrilera eraman dituzte haietako zazpi. Zuluetak, berriz, Bilbon jarraitzen du.
Zortzi lagun atxilotu ditu orotara Guardia Zibilak: Zulueta, Enparantza eta Almandozez gain, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de Lacalle eta Asier Aranguren. ETAren eta “haren presoen” arteko zubi lana egitea egotzi diete atxilotutako lagunei, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez.