Tantaz Tanta mugimenduak presoen sakabanaketaren kontra eta konponbidearen alde biharko Bilbon antolatu duen mobilizazioa debeka dezala eskatu zion atzo (urtarrilak 9) Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Pablo Ruz epaileari. “Ezin da onartu izaera terrorista izateko zantzuak dituen talde batek antolatu duen manifestaziorik”, esan dio fiskalak debekua eskatzeko. Tantaz Tantak Herrira-ren helburu berak dituela argudiatu du, antolatzaileen izaera “terroristatzat” jotzeko: “ETAko presoen aldeko mobilizazioetarako ahalik eta atxikimendu gehiena lortzeko helburua du”. Ruz epaileak, baina ez du delitu zantzurik ikusi deialdian, eta ez du debekatuko. Hala ere, Eloy Velasco epailearen esku utzi du azken erabakia.
11:00etan hasiko da eguneko egitaraua, Areatzan. Hortaz, Bilbora goizean joateko deia egin du Tantaz Tantak. Marea gora 17:0ean izango dela azaldu du, eta bi olatu handi abiatuko direla, bata Casillatik eta bestea udaletxetik. Bizkaitik eta Arabatik doazen lagunek Casillara joan behar dutela zehaztu du, eta Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Iparraldetik doazenek, berriz, udaletxera. Itsasoan parte hartu behar duten guztiek tanta behar dutela ere esan du, “bakoitzak berea”. Aurretiaz eskuratu ez duenak, hala ere, bihar ere izango du horretarako aukera. Goizean Areatzan erosi ahalko dira, “eta arratsaldean itsasoaren ibilbidean zehar”. Tantez gain, egun horretarako beren beregi kaleratutako materiala jarriko du salgai Tantaz Tantak.
Bestalde, aplikazio informatiko bat sortu du, “Bilboko itsasoaren berri emateko”. Sakelako telefonoekin eta Android tabletekin funtzionatzen du. Play Store-tik (
Tantaz tanta du izena) deskarga daiteke. Bestalde, egunean zehar #ItsasoaGara HTarekin egiten diren twiter guztiak
www.tantaztanta.info webgunearen mapa interaktibo batean agertuko dira (
http://zuzenean.tantaztanta.info).
Egitaraua:
- 1. gunean karpa handi bat egongo da, eta, bertan, musika izango da protagonista. Gose, Xutik eta Kaotiko; dantzaldia Tximeletarekin, eta zenbait kolaborazio: Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Kokein (akustikoa), Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian (akustikoa). Xabi Solano & Zigor DZ.
- 2. gunean karpa txiki bat egongo da, eta bertan pintxoak, ogitartekoak, kafea eta edariak salduko dituzte… Tantaz Tanta ekimenaren materiala ere jarriko dute salgai, baita arratsaldeko itsasorako tantak ere, eta kamisetak eta urtarrilaren 11rako propio egindako pin-ak.
- 3. gunean presoek egindako artelanen erakusketa bat egongo da. Zenbait marrazkilarik “tantarikaturak” egingo dizkiete nahi duten guztiei. Gainera, enkantean salduko dituzte dozenaka gauza (pertsona ospetsuek oparitutakoak), eta 13:00etatik 15:00ak arte kalitateko zenbait produkturen enkantea egingo dute. Egunean zehar, bestetik, scooter moto bat zozkatuko dute.
- Azkenik, txikientzat, 4. gunea dugu. Bertan: rokodromoa, jolasak, tailerrak eta haurrentzako emanaldiak izango dira.
- Arratsaldea, itsasoa.