El Mundo kazetak iragarri duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok debekatu egin du bihar Bilbon euskal presoen eskubideen alde egitekoak diren manifestazioa. Velascok Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari agindu die beharrezko neurriak hartzeko mobilizazioa egin ez dadin.
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du deliturik ikusi Tantaz Tantak biharko deitu duen mobilizazioan, baina ekitaldia bera legezkoa dela iritzi badu ere, debekatu edo ez Eloy Velasco epailearen esku utzi du, deitzailea, Tantaz Tanta mugimendua, Herrira-ren ordezko izan daitekeela argudiatuta.
IƱiko Urkullu Lehendakariak esan duenez, “
debekuaren aurrean ere”, Ertzaintzak agindu judizialak bete behar dituela.
Ruzek dio mobilizazioa debekatzeko eskatu duten biktimen elkarteek ez dutela aurkeztu susmoa baino gehiago den ezer terrorismoa goratuko dela frogatzeko. Sakabanaketaren kontra eta konponbidearen alde biharko Bilbon antolatu duen mobilizazioa debeka dezala eskatu zion atzo Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Ruzi.
“Ezin da onartu izaera terrorista izateko zantzuak dituen talde batek antolatu duen manifestaziorik”, esan dio fiskalak debekua galdegiteko. Tantaz Tantak Herrira-ren helburu berak dituela argudiatu du, antolatzaileen izaera “terroristatzat” jotzeko: “ETAko presoen aldeko mobilizazioetarako ahalik eta atxikimendu gehiena lortzeko helburua du”.
Erabakia, Velascoren esku
Ruzek ez du debekatu mobilizazioa, baina Velascoren esku utzi du azken erabakia. Eloy Velasco da Herrira plataformaren aurkako auzia ikertzen ari den epailea. Ruzek Velascori eman dio biharko mobilizazioaren berri, hark erabaki dezan plataformaren jardunaren behin-behineko etena urratu ote den.
Velasco epaileak agindu zuen
Herrira-ren aurkako polizia operazioa, iazko irailean. Hemezortzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, ETAko kideak izatea egotzita.
Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren
mintzaidetza taldearen kontra Guardia Zibilak herenegun eginiko operazioa ere Velascok agindu zuen. Zortzi lagun atxilotu zituzten.