Dagoeneko 47 lagunek eman dute izena Saint Laryko eski irteerara joateko. Kirola egiteaz gainera, adin ezberdinetako herritarrak elkar ezagutzeko eta asteburua giro onean pasatzeko aukera paregabea dela esan du Aulestiko Udalak. «Generazio eta koadrila ezberdinak biltzen gara bidaia honetan eta elkar hobeto ezagutzeko aukera ezinhobea dela pentsatzen dut» aipatu du Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak.
Barikuan 15:30ean jarri dute abiatzeko ordua eta domeka iluntzean bueltatuko dira aulestiarrak.
Prezio ezberdinak
Irteeraren prezioa eskiatu nahi dutenentzat 160 eurokoa izango da. Gazteek aldiz, beherapena izango dute eta 140 euro ordaindu beharko dituzte. Prezioaren barruan sartzen da bidaia, aterpetxeko egonaldia eta eskiatzeko forfait-a.
Aurten gainera, eskiatu gura ez dutenak ere bidaian parte hartzera animatu nahi ditu Aulestiko Udalak. «Eskiatu nahi ez duen jendeak ingurua ezagutu eta spa zirkutuaz gozatzeko aukera izango du» gaineratu du Mikel Ansotegik. Eskiatuko ez duten herritarrek 85 euro ordaindu beharko dituzte aterpetxe eta bidaiko gastuak ordaintzeko.
Hirugarren urtea da aulestiarrak eskiatzeko irteera antolatzen dutena.