
Horixe laga dute agerian Debanatura eta Aranzadi elkarteek egindako ikerketaren emaitzek. Ikerketa Ondarroako Udalaren eskariz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzagaz egin dute, paduran dauden hegaztiak eta anfibioak identifikatzeko helburuagaz.
Hegaztien ikerketa 2012ko martxotik abendura bitartean egin zuten. Prismatiko bidez eta oihuen bidez identifikatu zituzten.
79 espezie ezberdin atzeman zituzten. Ohikoenak hegaberak
(Vanellus vanellus), durdulak (
Turdus piralis), enara azpizuriak (
Delichon urbica), enara arrauntak (
Hirundo rustica) eta antxeta mokogorriak (
Chroicocephalus ridibundus) ziren. Tartean, galtzeko arriskuan dauden espezierik ere bazegoen: amiamoko beltza (Ciconia nigra), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) eta benarriz arrunta (Acrocephalus schoenobaenus). Txostenaren arabera, hegaztientzako interesgarriak diren bi gune daude paduran eta haren inguruetan: bata lezkadia da, eta bestea marea artean bistan edo estalita geratzen diren lokatz guneak. Azken horiek Alleri, Ibaiondo eta Zaldupe artean daude.

Hiru behaketa sistema erabilita ikertu dituzte anfibioak, eta emaitzen arabera,
padurak ez dira anfibioentzat bizitzeko leku aproposenak, «ur gazitan ez direlako bizi». Horregatik, padurako leku altuetan dute bizilekua.
Lau espezie atzeman dituzte: uhandre palmatua (
Lissotriton helveticus), apo arrunta (
Bufo bufo), txantxiku arrunta (
Alytes obstetricans) eta ur igel arrunta (
Pelophylax perezi).