
Lekeitioko Eskola Publikoko itoginen arazoa oraindik konpondu barik dagoela leporatu dio Lekeitioko EAJ-ak udalari. Ekaineko osoko bilkuran galdetu zuten EAJkoek eskolako teilatua eta leihoak noiz konponduko ziren. «Bilkura hartan Bilduk teilatu eta leihoetan egin beharreko obrak udan egingo zituela prometitu zuen eta zer egin da benetan: teilatu erdi», salatu du EAJ-k.
Jeltzaleek diotenez, arazoak hor jarraitzen du, eta dirurik ez dagoela ez da egia. «Eusko Jaurlaritzak obra horiek %60an diruz lagunduko lituzke».
Bestalde, Larrotegiko obrak egin direnetik gimnasiora ur gehiago sartzen dela diote EAJ-koek, eta ondorioz gimnasioa eta igogailua ezin direla erabili.
Diru-laguntzarik barik
Salaketa horien aurrean Lekeitioko Udalak ez duela eskola albo batera utzi, eta egindako guztia udalak eskura izan duen diruagaz baldintzatuta egon dela argitu du. «EAJren eskuan dagoen Hezkuntza Sailak udalen jabetzan dauden ikastetxeetan lanak egiteko ematen zituen diru laguntzen deialdia ez zen ateratzen eta Hezkuntza Sailera egindako telefono galdera ugariei erantzunik ez ziguten ematen. Inoiz baino diru gutxiago aurrekontuan eta Hezkuntza Sailetik laguntzarik ez». Horrela, 2013an teilatuaren konponketa erdia egin zuten eta beste erdia aurten egingo dute.
Bestalde, eskolako gimnasioko ur pilaketa konpontzeko lanak egin zituzten irailean eta arazoa konpontzea espero zuten arren ez da konpondu bere osotasunean. «Horren aurrean Hezkuntza Sailarekin konponbideren bat aurkitu beharko dugu eta hitzordua eskatu dugu. Kontutan izan behar da gimnasio hori eskolako sotoan kokatuta dagoela, uholde arriskuko eremu batean».
Leihoak, berriz, Gabonetan konpondu dituzte eta Kolorinetako eskolako terraza batzuen behegaina konpontzeko asmoa agertu du udalak.