
Ordutegi berriarekin hasi du urtea Herribusak. Iazko erabilera eta ohiturak hartu ditu kontuan Mutrikuko Udalak ordutegia finkatzeko, eta zerbitzua urte guztira zabaltzeko modua topatu du.
Urtarrilean, otsailean, martxoan, apirilean, maiatzean, urrian, azaroan eta abenduan 08:00etatik 11:00etara egongo da martxan. Hilabete horietan birritan pasatuko da osasun etxearen aurretik, eta ikastolara igotzeko zerbitzua mantendu egingo du, iaz erabiltzaileek gehien erabilitako zerbitzuak izanik.
Ekainean eta irailean, berriz, goizean ez eze, arratsaldeko ordu batzuetan ere martxan egongo da autobusa: 12:30etik 13:45era ere autobusa egongo da. Udan zerbitzuak izandako arrakasta ikusita, arratsaldeko ordu tarte horretan moilaraino jaitsiko da Herribusa.
Udan, uztailean eta abuztuan, 08:00etatik 11:00etara, 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 20:30erako ordu tarteetan emango da autobus zerbitzua. Azken bi ordu tarteetan, moilatik igotzeko eta jaisteko aukera edukiko dute erabiltzaileek.