Quincoces mendiko eskiatzailea, Euskal Herriko selekzioaren partaidea da. Aurtengo denboraldia sasoi betean hasi du eta joan den asteburuan ere, Espainiako koparako puntuagarria den lasterketan lehenengo postua eskuratu du mendexarrak.
Aurtengo mendiko eski denboraldia hasi berri du Nahia Quincoces Altuna mendexarrak. Aurten sasoi onean hasi du denboraldia eta joan den urtean irabazitako Euskal Herriko txapelketan maila ona eman gura du.
Mendiko eskia eta mendiko lasterketak egiten ditu gehienbat Quincocesek, baina gehien betetzen duen kirola mendia eta eskia uztartzen dituen mendiko eskia da. Lehenengo elur malutekin batera hasi du Quincocesek aurtengo denboraldia.
Noiz hasi zinen mendiko eskia praktikatzen?
Eskiatu txikititatik. Lehenengoz hiru urte nituela joan nintzen gurasoekin eski alpinoa egitera. Geroztik eski alpinoa betidanik egin izan dut. Mendiko eskia lehenengoz duela hamar bat urte egin nuen ikastaro baten bitartez. Lekeition lagun kuadrila bat batu ginen mendiko eskia egin nahi genuena eta ikastaro horretan betirako harrapatu ninduen kirol honek. Lehenengo ikastaro hori egindakoan mendiko federaziotik antolatutako ikastaro trinkoak egiten hasi nintzen eta gaur arte.
Noiz parte hartu zenuen lehenengoz mendiko eskiko lasterketa batean ?
Ikastaro trinko edo stage horietan, Altitoy mendiko lasterketan parte hartzera animatu gintuzten. Horrela, 2007an Altitoy-ko karrera herrikoian parte hartu nuen lehenengoz. Ikastaroan, Amets Maiztegi ezagutu nuen, gaur egun binakako lasterketetan nire bikotea dena eta berak animatu ninduen Altitoyko A ibilbidean parte hartzera. Harrezkero, urtero pirinioetako lehiaketetan parte hartzen jarraitzen dut.
Mendexarra izanda eta elurra hain urruti izanda, zer dela eta gustatzen zaizu hainbeste mendiko eskia?
Jendea askok esaten dit mendexarra izanda surfista izan beharko nuekeela mendi eskiatzaile barik. Egia esan urrun geratzen zait elurra eta hori gehienbat lasterketetatik bueltan igartzen dut denak Donostia bueltan geratzen direnean eta nik oraindik ordu beteko ibilbidea egin behar izaten dudanean.
Pasadan urtean Euskal Herriko txapelketa irabazi zenuen. Aurten?
Aurten Euskal Herriko kopan maila ona ematen saiatuko naiz.
Euskal Herriko kopan parte hartzeaz gain, ba al daukazu kopaz kanpoko lasterketarik egiteko asmorik?
Euskal Herriko kopako lau lasterketak egiteko asmoa daukat eta baita urtero egin ohi ditugun lasterketa batzuk ere, tartean Altitoy eta Espainiako kopako lasterketa batzuk. Joan den urtean Alpeetako Adamello lasterketan ere parte hartu nuen eta esperientzia ahaztezina izan zen. Zoragarria izan zen inguru hartan mendiko eskia nola bizi duten ikustea. Aurten ere laneko ordutegia moldatzea lortzen badut saiatuko naiz gisa horretako lasterketa batetan parte hartzen.
Euskal Herriko txapelketa irabazi duzu dagoeneko. Urrunagoko helbururik ez al daukazu?
Aurten ez dakit baina gustatuko litzaidake egunen batean Pierra Menta lasterketan lehiatzea. Pierra Menta Alpeetako eta agian mundu mailako mendiko lasterketarik ezagunena da. Lau egunez egiten da Areches Blauforten, sekula ez naiz bertan egon baina bertan izandako jendearen bizipenak entzunda eta ikusi ditudan bideo eta dokumentalak ikusita izugarrizko gogoa pizten zait lasterketa horretara joateko. Mendiko eskiatzaile moduan, betetzeko geratzen zaidan ametsa dela esango nuke.
Zelako presentzia dauka emakumeak kirol honetan?
Ba gero eta neska gehiago gaude mendiko eskian ere, hala ere, oraindik gizonezkoak baino gutxiago izaten jarraitzen dugu. Gai honi lotuta neska guztiak gustoko duten kirola egitera animatu nahi nituzke.
Mendiko eski denboraldia amaitutakoan zer asmo daukazu?
Oraindik ez daukat oso argi. Pasadan urtean denboraldi amaierarako sasoian nengoela konturatu nintzen eta aurten hasierarako sasoian egon nahi nuen. Hori dela eta, udan hasi nintzen entrenatzen. Entrenamendu gisa mendiko lasterketa eta duatloiak egiten hasi nintzen eta bukaerarako konturatu nintzen mendiko lasterketak ere gogoko ditudala. Aurten denboraldia amaitutakoan, mendiko triatloia edo horrelako zerbait probatu nahiko nuke.
Mendiko eskiaz aparte beraz beste kirol batzuk ere egiten dituzu.
Bai, bai mendiko eskia dut gogokoen baina denetarik egitea gustatzen zait. Uste dut kirolik gabe nire bizitzak zentzu ezberdin bat izango lukeela.