
Ilusioz eta gauzak egiteko gogoz hartu du Beñat Zafra Romerok (Mutriku, 1981) Talaixa Triatloi Taldearen zuzendaritza, herrian talde bat egiteko beste jende badagoen uste osoarekin.
Mutriku-Deba-Mutriku lasterketa berreskuratu nahi duzue.
Bai, badira urte batzuk antolatzen ez dena, eta berreskuratzea gustatuko litzaiguke. Oso lasterketa polita izaten zen.
Ez da hori esku artean daukazuen egitasmo bakarra, ezta?
Triatloiaren hiru diziplinen inguruan zerbait antolatu nahi dugu. Baditugu proiektu batzuk, Kalbaixoko igoera bizikletan, adibidez. Umeekin ere lan egin nahi dugu: futbolaz aparte kirol gehiago badirela erakutsi nahi diegu.
Triatloi herrikoiak izugarrizko arrakasta izan zuen joan den urtean.
Bai. Mutrikun zelakoa muntatu zen ikusi zutenean, asko eta asko harrituta geratu ziren. Triatloiak jende asko erakartzen du. Oso kirol ikusgarria da, eta jendeari asko gustatzen zaio. Moilan izugarria zegoen muntatua lasterketaren egunean.
Nola joan zen orain dela aste bi egin zenuten aurkezpena?
Ondo. Hogei bat lagun bildu ginen. Jendeak fitxak egin zituen, eta pozik geratu ginen emaitzarekin. Kamisetak nolakoak izan beharko luketen-eta hitz egiten egon ginen. Gutxika-gutxika taldea badoa itxura hartzen.
Fitxak esanda, federatzeko aukera eskaintzen duzue taldean, ezta?
Bai. Otsailean hasiko dira lehen duatloiak, eta ordurako federatuta egotea komeni da. Federatzeak, dena den, ez du esan nahi gero lasterketetan-eta parte hartu behar duzunik. Bizikletan-eta ibiltzen den edonorentzat garrantzitsua da federatuta egotea, edozer gertatuz gero, aseguratuta egoteko. Horrez gain, bazkide kuota bat ere badugu. Urtean 10 euro ordaindu behar dira. Taldeari laguntzeko modu bat da, eta taldeak ere detaileak izango ditu bazkide laguntzaileekin; arropetan deskontuak, adibidez. (elkarrizketa osoa eta erreportajea, bihar, papereko edizioan)