
Jabekuntza Eskolako ikasturtea aurrera doa.
Krisia emakumeen begiradatik ikastaroa izango da emango den hurrengoa, otsailaren 21ean eta 22an, Etxelilan.
Irakaslea Nekane Jurado ekonomilari feminista eta idazlea izango da, eta gazteleraz emango ditu saioak. «Emakumeen egoera, krisiaren aurretik ere, generoaren gaineko hainbat elementuk baldintzatuta egon da», azaldu du. Horren adibide dira kristalezko sabaia, zapalketa esplotazioa-dominazioa hirukoa, lan arloaren segmentazioa, bizitza mantentzeko lanak ikusiezin bihurtzea, besteak beste.
Gaur egungo krisia ez da, baina, esparru ekonomikoan bakarrik gertatzen: baloreak eta genero harremanak ere bete-betean daude krisi egoeran, eta horri buruz hitz egingo du Juradok. «Krisiaren eraginez larriagotu egin da egoera, eta, horrez gain, azken 30 urteetan borroka feministaren bitartez hainbat arlotan eskuratutako lorpenak gainbehera ari dira». Horren aurrean, krisiaren sustraietara genero ikuspegi batetik jotzea ezinbestekoa da, egoera diferentziala aztertuz genero alternatiba propioak planteatzeko, emakumea erdigunean jarriz.
Parte hartu nahi dutenek aurretiaz eman behar dute izena, Etxelilan edo udal diru bilketa bulegoan.