Mogelen pausoen atzetik
Juan Antonio Mogelen figura berreskuratzeko asmoz bisita gidatua egin da Markina-Xemeinen zehar Uhagon Kultur Elkartearen eskutik. Juan Antonio Mogel, euskarazko lehenengo nobela legez ezagutzen den Peru Abarkaren idazlea da, baina markina-xemeindar askok ez dakite ezer edo horixe dakite bakarrik Mogeli buruz. Askok ez daki ezta 8 urte zituela Markinara etorri eta harrezgero bertan bizi izan zela bertoko parroko zela hil zen arte.
Mogeldarren jatorria Errioxan dago, Milagron. Aitona, medikua, Markinan finkatu zen eta bere aita Juan Ignacio, Markinan jaio zen. Xemeingo andra bategaz ezkondu eta Eibarrera joan zen mediku legez behar egitera. Hantxe jaio zen Jose Antonio Mogel eta Urkitza 1745. urteko abenduaren 6an.
Eibarren lau urte besterik ez zituen egin. 4 urte zituela Debara joan ziren bizitzera eta 8 urtegaz etorri ziren Markinara.
Aita oso ilustratua zen. Medikuntzan ikerketa asko egin zituen eta Tinpanitis izeneko gaixotasuna aztertu zuen besteak beste eta nekazaritzarako ikerketa eta dibulgazio asko egin zituen.
Anaiak ere aitaren bide bera jarraitu zuen eta Deba, Azkoitia eta Soraluzen egin zuen lan. Aita eta anaia, biak, Adiskideen Batzarreko medikuen artean onartuak izan ziren 1773an.
Guen kalekoa
Juan Antonio Mogelen bizitza kontraesanez beteta dago. Zuri-baltz askoko pertsonaia da. Ilustrazioaren filosofiaren jarraitzailea alde batetik eta oso elizkoia eta jainkozalea bestetik. Bere bizitzako momentu batzueri buruz ere asko jakin izan da, beste batzuei buruz, ostera, ezer ez.
Gutun asko idazten zituen eta gutun horiek dira bere bizitzari buruzko informazio iturri nagusienetako bat. Añibarro, Vargas Ponce, Astarloa, Humbolt… ilustrazio garaian «norbait» zen edonor, Mogelegaz idazten zen.
Vargas Ponceri idatzitako karta batean bere etxean, Guen kalean zeukan gelan, idazten zegoela esaten zion, eta bertatik Kalamunya –Kalamua– mendia ikusten zuela.
Ansotegi eta Antxia dorreetan ezin zen bizi, ez zen eta familia horietako kidea, eta dorretxeen aurreko etxeetatik ez da Kalamua ikusten. Gainera, lehenengo pisuan bizi izango zen seguruenik. Lehen, igogailurik ez zegoenean, erosoenak eta familia aberatsenak bizi zirenak lehenengo pisuak ziren, eta Mogelen familia diruduna zen.
Ansotegi dorrearen ondoan, gaur egun harategia dagoen lekuan, ortuak zeuden, eta beraz, Nerea dendaren edo estankoaren gaineko etxeren bat izango zen Mogelena.
Baina, abadea izanik, zergaitik ez zen bizi elizetxean? Izan daiteke bere gela aitatzea gutunean, bere familiaren etxea zelako, baina, bera bertan ez bizi izatea. Datu hori ez dago batere argi.
Parroko
Mogeldarrek euren lehenengo semea, Juan Antonio, Calatayudera bidaltzen dute ikastera; garaiko ikastetxe entzutetsuenera, garestienera. Ilustratuak izanik ikasketei eta hezkuntzari garrantzi handia ematen diote. Calatayuden, filosofia ikasten du eta doktoretza egin ondoren Markinara bueltatzen da, eta Teologia ikasten hasten da.
Ikasketak amaitu orduko Munibeko kontearen kapilau izendatzen dute. Munibeko kontea, Frantzisko Xabier Maria Munibe Idiakez, tituluz Peñafloridako kondea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzailea, asko egoten zen Markinan, jauregi bat eta bere burdinola gehienak bertan zituelako.
Mogelen aita, Peñafloridatarren sendagilea izan zen eta konfidantza handia zeukaten euren artean.
Abade eginda Etxebarrira bidali zuten parroko eta hor zer edo zer arraroa gertatzen da eta karmeldarrek salatu egin zuten Mogel. Orduan, inkisizioak Milagrora, bere aitonaren herrira, erbesteratu zuen. Aurrerago berriz, bera inkisidore egiten da.
Zigorraldia amaituta, berriro Markinara bueltatzen da, bertako parroko izateko, eta orduan hasten da idazten.
Bere azken lau urteetan idazten du Peru Abarka, ilustrazio korrontearen seme-alaba. Ez zuen ikusi argitaratuta. 1802an idatzi zuen eta 1804an hil zen Mogel. Peru Abarka, 1880an argitaratu zuten.
Ilustrazioa
Juan Antonio Mogel (1745-1804) XVIII. mendearen bigarren zatian bizi izan zen, Ilustrazio garai bete betean. Garai oso esanguratsu eta indartsua izan zen Markinan. Urte horretan eginiko obra garrantzitsuenetako batzuk dira Karmengo iturria, frontoia, hiltegia, arraindegia, hilerria, arkupea eta Mertzedeko eliza.
Biztanleri aldetik, 1768. urtean Markina eta Xemein batuta 1700 bizilagun zeuden –gaur eguneko heren bat–. Bizkaiko familia boteretsu, dirutsu eta garrantzitsu askok dute bere jatorria Markina-Xemeinen: Murgatarrak –ahaldun nagusi izandakoak–, Barroetarrak –Fabiola de Belgikaren aitona Barroetan jaio zen esate baterako–, Mugartegitarrak –ahaldun nagusi izandakoak–, eta Gaitan de Ayalatarrak besteak beste. Asko ilustratuak izan ziren eta aurrerapen handiak ekarri zituzten hainbat arlotan.