
Aritz Erkiaga ispastertarra. Argazkia: Jai Alai
Punta-puntakoak direla erakutsi dute Lea-Artibaiko pelotariek Estatu Batuetako Miami Jai Alai pilotalekuan. Udako zesta-punta denboraldia amaitu berri da, eta maila ona erakutsi dute.
Aritz Erkiaga ispastertarra eta Beñat Santiso berriatuarra bikain aritu dira. Titulurik ez dute lortu, baina goi-goian ibili dira. Erkiagak onenekin jokatzen du, eta hirugarren geratu da bai Banakako Txapelketan eta baita Aurrelari Onenaren sailkapenean ere. Kontuan hartu behar da, hala ere, udako denboraldia Euskal Herrian jokatu duela, eta, beraz, Miamin askoz kiniela gutxiago jokatu dituela. «Goian egotearen meritua handiagoa da», azpimarratu dute Jai Alaikoek.
Banakako Txapelketan, ispastertarraren aurretik, bi zumaiar geratu dira: Iñaki Osa Goikoetxea lehen, 38 garaipenegaz, eta Lopez bigarren, 31gaz. Erkiagak 18 garaipenekin amaitu du sariketa. Binakako Txapelketan Iñaki eta Luis Osa Goikoetxea anaiak izan ditu aurretik.
Beñat Santiso atzelari berriatuarra, bestalde, kiniela gehien irabazi dituzten pilotarien artean sartu da. Santisok ez du onenekin jokatu, Most Wins titulua eskuratzeko sariketan oso ondo jokatu du. Denboraldi ederra egin du, eta garaipen asko lortu ditu. Goikoetxearen eta Lopezen atzetik bera izan da garaipen gehien lortu dituena, 150, 135 eta 103, hurrenez hurren. Laugarren lekuan Etxebarriko Alberto Mandiola Areitio handia geratu da, 97 kinielagaz.
Orain 2014 neguko denboraldia jokatzen.

Aitzol Erkiaga eta Duke, sariagaz
Girard Memoriala irabazi du Aitzol Erkiaga ispastertarrak
Ispasterko pelotazaleak pozik egoteko moduan daude. Aitzol Erkiaga herritarrak Girard Memoriala irabazi du Miamiko pilotalekuan. Duke Hernandez gasteiztarra izan du ondoan Erkiagak. Bikote ederra osatu dute, eta finalera ailegatu ez eze, garaipena ere eskuratu dute, Tico eta Irastorza bikotearen aurka.
Hirugarren sailkatuak ere Lea-Artibaikoak izan dira: Lejardi bolibartarra eta Azpitarte markinarra. Sariketa polita egin dute, maila ona emanaz.
Beñat Santiso berriatuarra ere finalean egon da. Tevin estatubatuarragaz osatu du bikotea, baina ahaleginak ahalegin, irabazteko aukerarik ez dute eduki.
Sariketa goi-goitik amaitzeko, pelotariek ikusleen artean desfilea egin dute, txalo zaparradapean.
Girard Memoriala iaz minbiziagaz hil zen Girard pelotarien omenez jokatu da, arrakastaz jokatu ere.
Pelotariek egindako markak
Markinarrak. Rekalde (61 kiniela), Azpitarte (56), Aldazabal (55), Jabi Salberria (38).
Lekeitiarrak. Arrasate (78), Jose Erkiaga (45).
Berriatuarrak. Santiso (103), Jon Mugartegi (81), Bereikua (30).
Etxebarritarrak. Areitio (97), Gisasola (58).
Ispastertarrak. Aritz (87), Aitzol (73).
Bolibartarrak. Lejardi (67).
Munitibartarrak. Garro (65).