Zapatuan, 09:00etatik 12:30era,
Usotegin lanean jarraitzeko deialdia egin du Lekitto Bedarrak. Besteak beste,
parkeko eraikineko hormako zuloak estali, hesiak barnizatu eta ortuko landaren inguruak atonduko dituzte herritarrek, beste behin ere, auzolanean.

Biharko hitzorduan
Zakari herriko igeltseroa izango dute lagun herritarrek. «Taldeko kideek zementua egin eta morroi lanak egin ondoren, bera arduratuko da dorreko arrakala eta harri bitarteak sendotzeaz», azaldu dute Lekitto Bedarra taldeko kideek. «Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Zakariri, erakutsitako borondate onagatik. Bide beretik, alor horretako langileei hurrengo asteetan euren laguntza emateko gonbidapena luzatzen diegu».
Taldeko kideen esanetan, «eraikinak aurrerapauso handia eman du, baina bere erabilpena ziurtatzeko, oraindik gauza asko daude egiteke».