
Joan den astean hasi zen Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa jokatzen dabiltza Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak.
15 bikotek parte hartuko dute zesta-puntako norgehiagoketan, esku pilotan aldiz hiru arituko dira.
Markinako zesta-punta taldeak izango ditu ordezkari gehien txapelketan. Maila guztietan arituko dira. Kadete mailan bi bikotek jokatuko dute: Maza eta Gotzonek, eta Ibarluzea II eta Arrieta II-k; gazte mailan hiru bikote egongo dira: Gandiaga II eta Ibarluzea, Urri eta Arrieta, eta Mandiola eta Goitia II.a; seniorretan bi bikote dituzte: Antsotei eta Gandiaga eta Gaizka eta Elkoro II.a; azkenik ohorezko mailan bikote bat egongo da: Arbe eta Zabala.
Senior eta Ohorezko mailetan izango ditu ordezkariak Berriatuak. Senior maila bi bikotek jokatuko dute: Retolaza eta Txominek eta Ibai eta Anitxuk. Ohorezko mailan berriz Antxon eta Ubilla ibiliko dira.
Mutrikuko Danok Bateko hiru bikote ariko dira Euskal Herriko zesta-punta Txapelketan. Kadeteetan bi bikote: Ekaitz Mendizabal-Mikel Manzisidor eta Aitor Manzisidor-Xabier Arrizabalaga. Gazteetan bikote batek hartuko du parte: Jon Goenaga eta Aitor Andonegik. Ahaleginak egin arren, nagusien talderik ateratzerik ez dute izan.
Mutrikuarrak maila ona ari dira ematen, eta Jon Mendizabal Danok Bateko arduradunak esan duenez, hiru bikoteek aukerak dauzkate finaletara ailegatzeko, batez ere kadeteek.
Esku pilota
Markinako Esku Pilota Taldeak ondo hasi du lehia. Joan den astean sartu ziren jokoan gazte mailako bikotea –Txirloi eta Urizar– eta nagusiena –Zugadi eta Kastillo–, eta biek irabazi zuten. Zapatuan jokatuko du lehenengo partidua banakoan arituko den Ansotegik.